SOSLAIA/Erori eta altxatzen dakien emakumea

2007ko urriaren 19a
09:34
Entzun
A. Iraola

«Izaera borrokalaria dut; gero eta zailtasun handiagoak izan, gero eta gogo handiagoa izaten dut irabazteko». Makurtzen ez den emakumetzat du bere burua Benazir Bhuttok. Eta historiak erakusten du, erorita ere, altxatzen dakiela. Behin eta berriro. 1953. urtean sortu zen, Karachin, eta gaztetatik jaso zuen politikarako grina, etxetik. Aitak, Zulfikar Ali Bhuttok, PPP Pakistango Herriaren Alderdia sortu zuen 1967. urtean, eta lehen ministro izan zen 1970eko hamarkadan. Haren ondoan, politikaren alderik gordinena ikusi zuen; izan ere, 1977an Zia Ul Hak jeneralak Bhuttoren agintearen kontrako kolpea eman zuen. Agintetik at geratu zen Ali Bhutto, eta bi urteren bueltan hil egin zuten. Benazir Bhutto urte horietan etxean atxilotuta eduki zuten, eta, 1984an, Pakistango aginteak hala baimenduta, Londresen erbesteratzea ebatzi zuen. Ez betiko. 1986an sorterrira itzultzea erabaki, eta Lahoren loriaz betetako ongietorria egin zioten milaka lagunek. 1988an, Zia jenerala hil ostean, bozetan PPPren izenean parte hartu, eta lehen ministro izatea lortu zuen. Lehenengoz.

1990ean, Ishaq Khan presidenteak kargutik kendu zuen ; botere gehiegikeria, nepotismoa eta ustelkeria egotzi zizkion Benazir Bhuttori. 1993an boterera itzultzea lortu zuen, baina, orduan ere, itzal beltzez bete zen berehala bere agintaldia. 1996an, ustelkeria, kudeaketa ekonomiko txarra, eta atxilotuen hilketak egotzi zizkioten. Kargutik kendu zuten eta, 1999an, egindako delituengatik zigorra jarri zioten: bost urteko kartzelaldia. Ordurako, ordea, ihes egina zen: erbestean zegoen, Dubai eta Londres artean. 2001ean berriro zigortu zuten. Baina auzibideetatik onik ateratzea lortu du, bere kontrako epaiak ezeztatu egin ditu Auzitegi Gorenak. Oraindik ere zabalik dituen auzibideak, berriz, erretiratu egin ditu Pervez Musharraf Pakistango presidenteak. Horretarako, ingurukoek kritika gogorrak egin badizkiote ere, harekin negoziatzeko erreparorik ez du izan Benazir Bhuttok. Militarren buruzagia dela gogorarazi diote, bere aitaren hiltzaileen ordezkaria. Berak, hala ere, ez die jaramon egin. Agintea lortze aldera, edozertarako prest dirudi. Kritikoen aburuz, urte asko egin ditu atzerrian, eta egungo Pakistango errealitatea ez du ondo ezagutzen. Arerio gogorrak ditu, gainera, atzoko atentatuak argi erakutsi duen bezala. Berak berriro altxa nahi du burua, ordea. 1987an Asif Zardarirekin ezkondu zen, eta semea eta alaba bi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.