"Stormonteko akordioa negoziatzen ari ginelarik, denbora guztian jauregiaren sarreran bilduta egoten zen"

2014ko irailaren 12a
14:08
Entzun

Martin McGuiness izan zen Ipar Irlandako lehen ministrorde Paisley lehen ministro izan zen garaian. Ipar Irlandako bi komunitateen ordezkari nagusiak izan ziren koalizio gobernuan. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak 2007ko abenduaren 9an McGuiness elkarrizketatu zuen BERRIArako, eta Paisleyrekin zuen harremanaz galdetu zion. Hau da elkarrizketa hartan politikari errepublikanoak unionistaz esandakoa: 

Martxelo Otamendi: Nolakoa da eguneroko harremana Paisley eta haren ministroekin?

Martin McGuiness: Zuzena eta atsegina. Ni egunero egoten naiz berarekin, egun batzuetan baita bi edo hiru aldiz ere. Lan bilerak dira eta bakoitzak badaki zer egin behar duen.

M. O.: Harreman profesionalez gain, pertsonalik ere badago?

M. MG.: Gu gobernatzeko gaude, herritarren bizitza kalitatea hobetzeko eta herri hau normalizazio bidean jartzeko, eta hori da garrantzitsua. Atzo bertan erietxe batean izan ginen elkarrekin bisita ofiziala egiten, inolako arazorik gabe.

M. O.: Baina harreman ofizial horretaz gain, harreman pertsonalik badaukazue, esate baterako, gonbidatu duzue elkar bestearen etxera afaltzera?

M. MG.: Ez, horrelakorik ez dago. Ez ahaztu nola geunden duela urtebete.

M. O.: Koalizio gobernu hau sendoa da, Paisleyk azken urteotan eduki duen jokabidea ezagututa?

M. MG.: Bai, David Trimbleren garaikoa baino askoz sendoagoa izango da.

M. O.: Zergatik?

M. MG.: Gobernu haren aurka gehien egin zuena orain gobernatzen ari delako, eta oso zaila delako gobernuan egon eta aldi berean gobernuaren aurka jardutea. Gobernu hau, Ipar Irlandako bi komunitate nagusien alderdi handienek osatzen dute, eta orain --Trimblekin gobernua osatu genuenean ez bezala-- ez dago inor kanpoan gobernuaren lana boikotatzen. Ostiral Santuko akordioan [Stormonteko Akordioa] ageri diren beste erakundeetan ere, Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublikaren arteko erakundean, esate baterako, hasi da parte hartzen, normal-normal.

M. O.: Hori garrantzitsua da, oso estetikoa delako.

M. MG.: Estetika baino gehiago da. Artean akordioa onartu ez genuelarik eta negoziatzen ari ginelarik, denbora guztian Stormonteko Jauregiaren sarreran bilduta egoten zen; orain, berriz, akordioa kudeatzen eta guretzako enblematikoak diren erakundeetan parte hartzen dihardu. Hori estetika baino gehiago da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.