Patxi Lopez lehendakariak esan du ez dakiela zeren zain dagoen ezker abertzalea ETAren desagertzea eskatzeko, "indarkeria soberan dagoela eta traba dela pentsatzen badu". Lopezen hitzetan ETAren amaiera eskatzea da euskal gizarteak behar duena eta espero duena. "Topikoa dirudien arren, ez da hau espero genuen agiria, ez baitu ETAren amaiera iragartzen". Lehendakariaren hitzetan "euskal herritarrei berdin dira hiltzen duen ETA eta hil ez arren euskal gizartea zuzendu nahi duen ETA". "Guztiok espero duguna behin betiko desagertzea da, izate hutsa gu guztiontzat mehatxua baita".
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak esan du ez duela ETAren agirian ezer berririk ikusten, eta espero duen agiri bakarra ETAk indarkeria betiko uzten duela iragartzen duena dela. Gainera, esan du gaur egungo egoera Zuzenbide estatuaren presioak eragin duela, "azken finean, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlariatzaren terrorismoaren aurkako politikak eragindakoa da".
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du ETAren agiriak ez duela ezer berririk esaten, baina gaur egungo egoeran bakerako aukera dagoela esatea agirian positiboki baloratu du, "nahiz eta gauza positibo bakarrenetako bat" izan bere hitzetan. Agirian Bilduren emaitzak bere gain hartu dituela ETAk dio Pastorrek, eta hori irrigarria iruditu zaio. "Hauteskundeetako emaitzen meritua eta normaltasuna Zuzenbide estatuaren sendotasunari zor zaio, Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari, euskal gizartearen kontzientzia sozialari eta alderdi guztien jarrerari", gaineratu du. Bide batez, ETArekin negoziazio posiblerik ez dagoela esan du, "ez gobernu honekin ezta beste batekin ere".
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak arbuiatu egin du ETAren agiria, eta esan du gauza positibo bakarra duela, ezker abertzaleak bide politikoen apostuan aurrerapausoak eman ditzan babesa eskaini dezakeela. "Apustu hori, hala ere, orain dela 34 urte egin zezakeen eta orain badirudi, 34 urte geroago, besteok eurak txalotu behar ditugula, ahaztuta 34 urtez euskal gizarteari zor dizkioten pausoak direla ematen ari direnak, 34 urte hauetan bizi behar izan duenagatik". Gainerakoan, ETAren agiria "arbuiagarria" dela esan du: "Iraingarria da ETAk, ilegalizazioaren auzian, garaipen ideologiko eta politiko bat berak lortu duela esatea", adierazi du Urkulluk. Txalotuko duten ETAren agiri bakarra indarkeria behin betiko uzten duela iragartzen duena izango dela azpimarratu du Urkulluk.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du agiria irakurri ondoren, datorren urteko hauteskundeak irabazten badituzte PPk Bildu legez kanporatuko duela. "Onartezina da gauza bera direla hain garbi uzten duen adierazpena". Mariano Rajoy PPko presidenteak orain dela gutxi iragarri zuen moduan, legea aldatzeko modua badagoela esan du Cospedalek, Alderdien Legea baliatuz, eta era horretan "hautagaitzak bakarrik ez, dagoeneko eratu diren gobernuak" inpugnatuko dituztela aurreratu du. "Bideak hor daudela uste du PPk. Hainbatetan esan dugu, eta, zalantzarik gabe, egin beharreko ikerketak eginda, makina martxan jarri eta egin beharrekoa egingo dugu", adierazi du.
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak atzo baikor azaldu zen ETAren agiriaren berri jakin ostean, “bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko bidean sakontzeko prestutasuna” agertu duelako. Matutek bat dator maiatzeko hauteskundeek eszenatoki berri “erabat desberdina” irudikatu dutela baieztatzeko orduan eta Espainiako Gobernuari zein ETAri “prozesuaren protagonismoa herritarrengan” utz dezatela eskatu die: “M22ko emaitzek argi eta garbi utzi dute euskal gizarteak ez duela inoren gidaritzarik behar bere etorkizuna eraikitzeko, bakean eta ezkerra zein subiranotasunaren bidetik”.