IÑAKI URIAren deklarazioa

2009ko abenduaren 15a
18:37
Entzun
10:35ean hasi da Egunkaria-ko bost auzipetuen aurkako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Iñaki Uria izan da lehena deklaratzen, 10:37an hasi da eta 13:16an amaitu du. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen galderei ez die erantzun.

Dignidad y Justiciak Egunkaria-ren sorrerari buruz galdetu dio, nolatan hasi zen kazetan lanean, nola iritsi zen kontseilari ordezkari izatera, bere aukeraketan ETAk zerikusirik izan ote zuen, Egunkaria sortzeko dirua ETAk eman al zuen eta egunkariko zuzendaria nork aukeratu zuen. Ez du erantzunik eman Uriak, bere eskubideaz baliatuz.

Ondoren Miguel Angel Carballo fiskalak esan du ez duela galderarik egingo eta, beraz, Jose Maria Elosua defentsako abokatuari erantzuten hasi da Uria, euskaraz. Baina, Auzitegi Nazionalean itzulpengintza zerbitzua ez dela behar bezala aritzen argudiatuta, gazteleraz egin behar izan du deklarazioa.

Uriak azaldu du kultur gaietan eta euskalgintzan aritu izan dela beti lanean, eta politikagintzan sekula ez. Koordinadora Abertzale Sozialistaren (KAS) barruan biltzen ziren erakundeekin harremanak soilik profesionalak izan zituela adierazi du; kazetari gisa, elkarrizketa edo prentsaurrekoetan ezagutu zituela hango kideak. Gaur egun Hamaika Telebista Taldeko zuzendari nagusia dela adierazi du eta telebista horren atzean mota askoko enpresak daudela.

Azaldu du betidanik gustatu izan zaiola idaztea, eta 1982an Argia-n hasi zela lanean, eta hori zela garai haietan euskara hutsezko astekari bakarra. 1990etik Egunkaria-n aritu aurretik, Argia-n aritu zen hura beharrean hamar urtean.

Argia-tik Egunkaria-ra naturaltasunez igaro zela aitortu du Uriak. Euskarazko egunkarian lanean aritzeko gonbitea gustura jaso zuela. "80ko hamarkadan euskarazko hedabideen beharra gizartean txertatua zegoen eta, ETB sortu zenean, euskarazko egunkari baten nahia areagotu egin zen. Gizartean oso barneratuta zegoen euskarazko egunkari baten beharra”.

Hortaz, euskarazko egunkari bati buruz hausnartzeko mahai-inguru ugari egin zela esan du Uriak, eta eragile askok parte hartu zutela. Froga bat erakusteko eskatu du Jose Mari Elosua abokatuak, behar hori euskal gizartean oso hedatuta zegoela erakusten duen froga. Gomez Bermudez epaileak hamar minutuz eten du saioa, dokumentuak aurkitzeko denbora behar dutela argudiatuta.

Denbora hori igarota, saioari ekin diote eta Argia aldizkariaren 1984ko urtekariaren titularrak erakutsi dituzte. Hala, urteko eztabaida nagusia euskarazko egunkari baten beharra zela azaldu du Uriak.

1985ean Euskarazko Kulturaren Batzarreak (EKB) gaiari buruzko azterketa soziologikoa egin zuela kontatu du, eta behar hori agerian utzi zuela. Hausnarketa horretatik, nahi hori egia bihurtzeko bidean saioak egiten hasi zela azaldu du. Euskal kulturgintzako pertsonak eta kazetari euskaldunak biltzen hasi ziren nahia egia bihurtzeko aukerak aztertzeko. EKB, Egunkaria Sortzen gaia aztertzen hasi zela adierazi du Uriak, eta berak ere parte hartu zuela bilera haietan. Proietu hori egikaritzeko talde eragilea sortu zuten, “askotarikoa zen taldea, ideologia askokoa”, auzipetuaren esanetan. Egunkaria Sortzenen 75 lagunek hartu zuten parte.

Uriak azpimarratu du helburua garai haietan euskarazko egunkaria sortzea zela eta proiektuaren aldeko hitzaldiak ematen parte hartu zuela. “Egunkaria-k izan beharreko oinarriak erabaki zituen talde horrek: euskaltzalea, nazionala, zabala, anitza eta baterakoia”. Ez-instituzionala izan behar zuela ere jasotzen zuen oinarrien taulak, akusatuaren arabera. “Helburua ez zen egunkari publiko bat izatea. Ez zuen erakundeen menpe egon behar, eta alderdi zein gainerako hedabideekiko ere independentea eta, era berean, profesionala eta modernoa izan behar zuen”.

=bZumalabek proposatu zion 'Egunkaria'-ko zuzendariorde izatea=b

Joxemi Zumalabe zenak proposatu zion Egunkaria-ko zuzendariorde izatea, Uriak deklaratu duenez. Proposamena Egunkaria Sortzenek egin ziola azaldu du eta zuzendariorde izateko hamar bat hautagai gehiago bazeudela. Zumalaberi buruz galdetu dio defentsa abokatuak, baina epaileak ez dio galdera bukatzen utzi, Zumalabe ez dagoelako auzipetuta.

Martxelo Otamendi 1993tik zuzendari izatea nork erabaki zuen galdetuta, berriz, Egunkaria SAko administrazio kontseiluaren erabakia izan zela erantzun du Uriak.

Egunkaria-n ez zela inoren ordezkari gisa aritu deklaratu du eta Egunkaria-n sartu ziren pertsona guztiak maila pertsonal hutsean aritu zirela.

=b'Egunkaria' sortzeko diru laguntzak eta jabetzak=b

Kazeta sortzeko diruari dagokionez, herriz herri bildu zutela esan du auzipetuak. Herrietan batzarrak egin zituztela azaldu du, herritarren artean bildu zela dirua eta, bilketarako, jaiak ere antolatu zituztela. Alderdi eta instituzioekin ere harreman normalizatuak zituela adierazi du epaituak. Instituzioek diru laguntzak ematen zizkiela, gainera. Hortaz, diru laguntzak eskatzeko mota guztietako informazioak eman behar izaten direnez, guztiaren berri zutela erakundeek.

Jabetzei dagokienez, berriz, errotatibarik ez izatea hasieratik erabaki zuten, Uriaren arabera. Egoitzak alokatu egin zituzten hasieran, gero erosi.

Ildo editoriala

Egunkaria-ren ildo editorialaren jarraibide bakarra sorrerako 11 oinarriak eta estilo liburua zirela dio Uriak. Egunkaria-k Alternatiba Demokratikoa zabaldu zuela aitortu du Uriak, baina enkartea HBk kontratatu zuela publizitate gisa eta, beraz, "normaltasunez" zabaldu zutela.

ETAren agiriak

ETAren agiriei dagokienez, kazetak 1996tik aurrera argitaratu zituela azaldu du Uriak, “interes informatibo handia zutelako argitaratzen” zituela. Egunkaria-ren aipamenak ETAren agirietan agertu zirela beste hedabideen bidez jakin zutela adierazi du, eta Egunkaria ETArekin lotzeak min egiteko helburua besterik ez zuela seguru dagoela. “Zurrunbiloa eragin zuen horrek administrazio kontseiluan”. Gainera, administrazio kontseiluak ETAk Egunkaria-ren zuzendaritzaren hautaketan ez zuela inolako zerikusirik izan zioen oharra kaleratu zuela. “Berria gezurtatzeaz gain, Egunkaria halakoen kontra egongo litzatekeela azaldu zuen ohar hartan”.

ETAk Egunkaria-n eragin edo agintzen zuen galdetuta, “inola ere ez” erantzun du Uriak. ETAk ez zuela bere hautagaitza aukeratu edo proposatu, eta kazetari lanean ez dela inoiz ETAren eraginez aritu.

Torturak

Egunkaria auzia-gatik atxilotu zutenean guardia zibilek torturatu egin zutela salatu du. Inkomunikazio egoeran atxilotuta izan zutenean biluzik eduki zutela etengabe, ariketa fisikoak akitu arte eginarazi zizkiotela ere bai. “Guardia zibilek poltsa buruan jarri zidaten behin eta berriz, ia itotzeraino, pistola buruan jarri, eta tiro egiteko itxurak egin zizkidaten, infragorriak dituen armekin ere apuntatu zidaten, egunkari edo listinekin kolpatu ninduten. Gainerako atxilotuen oihuak etengabe entzuten nituen”.

Torturek lesioa eragin ziotela adierazi du eta sei bat hilabetez fisioterapeutarengana joan behar izan zuela sendatzeko. Hala ere, auzitegiek tortura salaketak artxibatu egin zituztela gogoratu du Uriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.