Idatziaren sinatzaileok, lanbidez, kulturaz edo ideologiaz desberdinak izanda ere, bat gatoz gaur kezka agertzean Arnaldo Otegi euskal buruzagi politikoari ezarri zaion kartzelaldi prebentiboa, inolako justifikaziorik gabe, luzatzen zaiolako, epaiketarik izan gabe ere kartzelan lotzen duen prozeduraren barruan.
Gaur egungo egoeran, bi aldetatik begiratuta suertatzen da ezin justifikatuzkoa kartzelaldi hori luzatzea:
- Alde batetik, ikuspegi juridiko-teknikotik aztertuta, Arnaldo Otegiren kasuan ez direlako urrunetik ere betetzen legeak kasu hauetarako eskatzen dituen baldintzak, ez baita kasu honetan iheserako arriskurik ez eta ikerketa judizialak oztopatzeko modurik. Hori dela eta, askatasunerako oinarrizko eskubidea urratzen ari dira kasu honetan.
- Horrez gain, ikuspegi zabalagoa kontsideratuz, gauza jakina eta nabarmena da Euskal Herrian diren arazo politikoen konponbidea baliabide baketsu eta demokratikoen bitartez lortu nahi duela Otegik, asmo horrekin bultzatu eta zuzendu baitu bere lana ezker abertzalean. Are gehiago, iritzi zabala dabil jendartean Arnaldo Otegi libre uzteak eta zentzu horretan berak egin dezakeen lanak, hain zuzen ere, erraztu egin ditzakeela eszenatoki berriaren lorpena eta biolentzia era guztien amaiera, Euskal Herrian aspalditik amesten den helburua lortuz: pertsona zein eragile guztiak modu librean aritzea bizitza arlo guztietan.
Horregatik guztiagatik, Arnaldo Otegi Mondragon berehala libre uzteko erabakia hartu eta bete dezatela eskatzen diegu Espainiako Erresumako Gobernuari, Fiskaltzari eta Auzitegi Nazionalean dagokion organoari.
Idatzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu