Soslaia. Ben Ali: kalean uso, etxean otso

2011ko otsailaren 16a
18:53
Entzun
Zine El Abidine Ben Ali militar eta ingeniariak (Susa, 1936) Gobernuan aldaketa "sakona eta erabatekoa" egingo duela esanez utzi zuen Tunisia, eskuzabal itxura eman nahian azkenera arte, batez ere nazioartera begira, baina Ben Alik ohikoa izan zuen jarrera irekia erakustea kontrakoa egin duen bitartean, azkenera arte. 1987an estatu kolpea eman zuenean ere, Habib Burguiba Tunisiako errepublikaren aldarrikatzailea estatu kolpez kendu zuenean, boterea hartu zuela esan zuen "zahartasunagatik eta osasun egoera larriagatik ezinbestekoa" zelako hura ordezkatzea. Hamahiru urte gehiago bizi izan zen Burguiba.

Dena dela, ongi hartu zuten Ben Aliren etorrera herritarrek, sistema politikoaren liberalizazioa ekarriko zuela pentsatuta, eta halaxe agindu zuen. Konstituzioa aldatu zuen sufragio unibertsal bidez presidentea aukeratu ahal izateko, eta bost urtean soilik gobernatzeko. 1989an botoen %99 jaso zituen oposizio oro kanpoan utziz, eta harrezkero 23 urte egin ditu boterean, presidenteen txandakatzearen defendatzaileak.

Urteotan disidentzia isilarazteko bide gogorrenak erabili zituen, Internet eta komunikabide guztiak zentsuratu, bere nortasunaren inguruan sortuz Tunisiaren inguruko albiste oro. Kanpora begira, ordea, presidente fidagarriaren itxura eman zuen. Mendebaldeko potentzia gehienekin harreman ekonomiko garrantzitsuak izan zituela-eta haien oniritzia izan zuen, eta jakin zuen itxurak egiten.

Barrura begira, berriz, urteetan dirutza bere ingurura batuz joan zen bere emazte Leila Trabelsiren familiarengana, eta aberastasunekin alde egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.