Zapateroren neurriak

2010eko maiatzaren 13a
11:34
Entzun
Neurri hauek iragarri zituen atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak:

1. Funtzionarioen soldatak %5 jaistea. Gobernuek gastuak murriztu behar dituztenean funtzionarioak izan ohi dira murrizketak jasaten dituzten lehenak. Espainiako Gobernuak ere hala egin du. Uztailetik aurrera funtzionarioei batez beste %5 murriztuko dizkie soldatak, eta datorren urtean izoztu. Hau da, aurtengo %5eko jaitsiera indarrean izango da 2011n ere eta ez die kontsumorako prezioen indizearen (KPI) araberako igoerarik aplikatuko. Jaitsiera soldaten proportzionala izango dela esan zuen Zapaterok, alegia, gehien kobratzen dutenen murrizketa handiagoa izango dela gutxien kobratzen dutenena baino. Espainiako Gobernuko ministroen eta goi karguen soldatak %15 murriztuko dituzte.

2. Pentsioak izoztea. Espainiako Gobernuak pentsioak izoztuko ditu 2011n, ez die aplikatuko KPIaren pareko igoerarik. Horrela, erretiratuek eros ahalmena galduko dute. Europako Batasunaren datuen arabera, prezioak %2 garestituko baitira 2011n. Espainiako Gobernuak ez ditu izoztuko gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabekoak. Neurri horrekin 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hego Euskal Herrian 610.000 herritar inguruk kobratzen dute pentsioren bat.

3. Haur jaioberrien laguntzarik ez. 2011tik aurrera bertan behera geratuko da Espainiako Gobernuak haur jaioberriengatik edo adoptatutakoengatik gurasoei ematen dien 2.500 euroko laguntza. 2007ko azaroan jarri zuen indarrean eta ordutik 2.700 milioi euro eman ditu laguntzetan.

4. Mendekotasun laguntzak, onartutakoan. Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak ez dute atzeraeraginkortasunik izango. Gaur egun, Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzaren bat onartuz gero, eskaera egin eta onartu bitarteko denborari dagokion laguntza ere jasotzen da lehen ordainketarekin batera. Defizita murrizteko neurriak indarrean jartzen direnean ez. Eskaeraren eta erabakiaren arteko epeari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea dutenek gehienez bost urtean kobratuko dute atzeratutako laguntza.

Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du aurrerantzean eskaera egiten dutenek gehienez sei hilabetean jasoko dutela erantzuna.

5. Atzerapenak eta guraizea inbertsioetan. Krisi garaian administrazioak izan ohi dira ekonomia jardueraren bultzatzaile nagusietakoak, inbertsio publikoaren bitartez. Espainiako Gobernuak, baina, inbertsioak murriztea erabaki du: 6.045 milioi euro aurten eta datorren urtean. Aintzat hartu behar da aurten jada 5.000 milioi euroko murrizketa egin duela. Guztira 11.000 milioi euro dira, beraz.

Jose Blanco Sustapen ministroak onartu du horrek atzerapenak eragingo dituela obretan, sei hilabetekoak batez beste eta urtebete gehienez. Hori bai, aurreratuta dauden obretan ez dela atzerapenik izango.

Zer-nolako eragina izango du Hego Euskal Herrian? Espainiako Gobernuak ez du zehaztu. Abiadura handiko trena (AHT) izan daiteke murrizketek kaltetutako azpiegituretako bat.

Espainiako Gobernuaren esku daude Bilbo eta Gasteiz arteko zatia eta Castejon (Nafarroa) eta Zaragoza (Espainia) artekoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beraiei dagozkien zatien obretako dirua aurreratuko dute, baina gero Espainiako Gobernuak itzuli egingo die.

Alvaro Mirandak atzo nabarmendu zuen kontratua sinatuta dutela Espainiako Gobernuarekin, eta Nafarroak sinatutakoa beteko duela.

6. Erretiroa, gordinago. Espainiako Gobernuak duela bi urte gogortu egin zituen erretiratzera zihoazenek lanaldia murrizteko bete behar zituzten baldintzak. Prozesua piskana-piskana egin nahi zuen, baina orain prozesu hori bertan behera utzi du eta baldintzak zuzenean aplikatuko ditu, progresibotasunik gabe: 61 urte izatea, enpresan sei urtean lan egitea, lanaldia gehienez %75 murriztea eta 30 urtean kotizatzea.

7. Murrizketa gehiago erkidegoek eta udalek. Autonomia erkidegoek eta udalek gerrikoa gehiago estutzea nahi du Espainiako Gobernuak. Aurten 10.000 milioi euro aurrezteko eskatu zien, eta 1.200 milioi euro gehiago atzo.

8. Tratamenduei egokitutako botikak. Kaxetako pilulen eta dosien kopurua tratamenduen ohiko iraupenera egokituko da, gaixoei botikak soberan ez geratzeko eta dirua aurrezteko. Espainiako Gobernuak dosi bakarreko botikak ere nahi ditu, kopuru zehatzak erosteko.

9. Laguntza gutxiago garapenerako. Beste herrialdeen garapenerako laguntzak 600 milioi euro murriztuko dituzte aurten eta datorren urtean (%1 murriztu zituzten iaz).

10. Zergak igotzea aztertzeko prest. Defizita murrizteko aukeretako bat gastuak murriztea da; bestea, diru sarrerak handitzea. Zapaterok atzo ez zuen diru sarrerak handitzeko neurririk aipatu. ICVk zerga politika justuagoa eta progresiboagoa eskatu zion. Zapaterok iradoki zuen prest egon daitekeela aberatsenei zergak igotzea aztertzeko, "gehien dutenek ahalegin handiagoa egin behar baitute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.