Bilera ETAko buruzagiek eskatu zutela esan zuen, eta batzarrera ERCko idazkari nagusi gisa joan zela nabarmendu, ez Kataluniako Gobernuko ordezkari gisa
ERREDAKZIOA - DONOSTIA
ETArekin bildu dela esan zuen atzo Kataluniako Generalitateko conseller en cap eta ERCko idazkari nagusi Josep Lluis Carod-Rovirak, eta Espainiako Abc egunkariak atzo bertan kaleratutako informazioa baieztatu zuen. Carod-Rovirak adierazi zuenez, Kataluniako Gobernuko kide zela izan zuen batzarra erakunde armatuko buruzagiekin, haiek eskatuta. Bilerara, baina, ERCko idazkari nagusi gisa joan zela nabarmendu zuen, «su-eten bat erdiesteko eta ETAk jardun armatua utz dezala lortzen laguntzeko» helburuarekin.
Carod-Roviraren agerraldiak ikusmin handia eragin zuen hedabideetan. ERCko idazkari nagusiak ez zuen onartu galderarik, eta agerraldian lau pertsona izan zituen ondoan: Jordi Carbonell ERCko lehendakaria, Cassia Just Montserrateko apaiz ohia, August Gil-Matamala abokatua eta Salvador Cardus soziologoa. Carod-Roviraren jarrera babestu zuten laurek.
Inolako akordiorik ez
Carod-Rovirak azpimarratu zuenez, bileran ez zen iritsi akordio edo hitzarmen batera. «Hori ezinezkoa zen, ez bainuen hitz egin inongo gobernuren izenean». Halaber, bilkuraren inguruko agiri bakarra dagoela esan zuen Carod-Rovirak, berak idatzia eta ERCko Batzorde Nazionalean aurkeztuta. Hala ere, ez zuen zehaztu alderdiari aipatutako agiria noiz aurkeztu zion.
ERCko idazkari orokorraren esanetan, «ETAk jardun armatua berriz ere eteteko esperantza zegoen garaian eskatu zuen bilera egiteko». «Su-etenaren iragarpena entzuteko onartu nuen eskaera, horri buruzko ustea nagusia baitzen Euskal Herriko giro politikoan», zehaztu zuen Carod-Rovirak. ETAk ERCrekin hitz egin nahi izana ere «logikotzat» jo zuen. «Katalunian marrazturiko hautes egoera berriaren ondorioz, subiranotasunaren aldeko alderdi baketsu honen aurrerapausoak interes handia piztu du. Izan ere, indarkeriarik gabe, eta soilik bozen bitartez, aurrera egiteko bide politiko berriak aztertzen ari baikara», adierazi zuen ERCko idazkari nagusiak. Gaiak eragin ziezaiokeen «arrisku pertsonalaren» gainetik, bere «erantzukizuna» azpimarratu zuen Carod-Rovirak. «Ezin nuen ETArekin hitz egiteko aukera alferrik galdu. Bakearen aldeko zerbitzu handia egin genezakeela uste genuen. Hitz eginez elkar ulertzen dute pertsonek, eta beharrezkoa den guztietan egingo nuke hori». Terra Lliure erakundearen «lehen desaktibazio prozesuan» bitartekaritza lana egin zuela ere gogorarazi zuen Carod-Rovirak.
Halaber, Generalitateko lehendakari izandako Josep Tarradellas (ERC) ere «ETArekin hitz egitearen aldekoa zela» ekarri zuen gogora.
Kargua Maragallen esku utzi du
Carod-Rovira, atzo arratsaldean bere kargua Generalitateko presidente Pasqual Maragallen esku utziko zuela adierazi zuen atzo arratsaldean, baina Maragallek ez du bere dimisioa onartu.
Kataluniako Gobernuari barkamena eskatu zion Cardo-Rovirak egin zituen adierazpenetan, «ETArekin bildu izanak kalterik egin badiezaioke». Aurrerantzean ETArekin ez dela bilduko esan zuen, baina ez zuen baztertu bere alderdiak hori egitea, «bakerako baliagarria bada». «Jakin badakit hemendik aurrera niri ez zaidala lan hori egokituko», gaineratu zuen Generalitateko kontseilari buruak.
Carod-Rovira eta ETAren arteko bilera
"Su-eten bat lortzen laguntzeko" bildu zela ETArekin esan zuen Carod-Rovirak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu