Tajo, 50 urte (2013-03-03ko artikulua)

2013ko azaroaren 25a
16:15
Entzun

Miren Garate

Etxepe batean egin zituen lehen urratsak Tajo kooperatibak, Errenteriako Gabierrota auzoan. Erreka zuen ondoan, plastikoa ekoizten duten enpresek ura behar baitute inguruan, materiala hozteko. Bost urte egin zituen han, eta handik beste erreka baten ondora aldatu zen, Oiartzunera, Aranguren industrialdera. Han jarraitzen du. Ekonomian urak hain nahasi dauden honetan, ospatzeko modukoa da mende erdia bete izana, eta hala egin dute Tajoko bazkide nahiz bazkide izandakoek, besteak beste, lantegiaren historia biltzen duen liburua aurkeztuta.

Pio Retegi kooperatibako lehendakari ohi eta langilea arduratu da libururako dokumentazioa biltzeaz. Bazkide guztien izenak ageri dira azalean, 446 hain zuzen. Gaur egun, 112 ditu. Urteurrenaren harira egindako logoa ere ipini dute, lehiaketa bidez aukeratutakoa. Eta barruan kooperatibaren historia eta gaur egungo hainbat datu ez ezik, argazkiak, zaharrak nahiz berriagoak. «Garrantzitsua iruditu zaigu argazkiak sartzea, norbere burua ikusteak erakarri egiten baitu». Argazki horietako batean musean ageri dira, futbolean beste batean, mendi martxan ere bai. Batzuentzat Tajo ez baita lantegi huts bat izan. «Nik nahi nuke behintzat lantegia baino gehiago izatea», dio Retegik. «Niretzat hala izan da». 40 urte daramatza han lanean. Eta hark bezala beste hainbat lankidek ere bai.

Ez dago argi nondik etorri zen Tajo sortzeko ideia. Testuingurua erabat desberdina zen 1963 hartan. Frankismoa zela medio, kooperatiba antolatzeko bilerak egiteko ere baimena eskatu behar zitzaion gobernadoreari.

Hamar urtean behin, bat

Plastikoa egiten dute enpresan, automozio sektorerako eta etxeko tresnetarako. Garai onak ezagutu dituzte 50 urteotan, eta momentu txar batzuk gainditu ere bai. «Hamar urtean behin-edo izan da krisi bat». Gogorrena azken hau ari ote den izaten galdetuta, «luzeena» behintzat baietz dio.

Guztietatik atera da Tajo. Retegiren iritziz, lantegiaren izaera juridikoak zeresan handia izan du horretan. «Kooperatiba izan beharrean sozietate anonimoa izan bagina, seguru nago ez ginatekeela hemen egongo». Norberarena izate horrek langileak ahalegin berezi bat egitera behartzen dituela dio. Hasieratik da kooperatiba Tajo, nahiz eta garai hartan sozietate anonimoak ziren nagusi. «Enpresa norberarena izanda baldintza hobeak izango zituztela-edo pentsatuko zuten».

Bidean agertutako krisi horiek gainditzeko, hainbat aldiz aurkitu dira zirt edo zart egin beharrean. Bi gertaera nabarmendu ditu Retegik. Martxan hasi eta hiruzpalau urtera etorri zen erabaki mugarri horietako bat. «Hasieran tailer mekaniko moduan hasi ginen; moldeak egiten genituen. Horretan genuen indarra edo jakinduria. Baina Portugalen prezio hobean hasi ziren. Orduan, plastikoari indarra ematea erabaki genuen». Negozioan aldaketa hori egitea ez zela erraza izan adierazi du. «Geuk egiteari utzi eta erosten hastea ulertzeko zaila zen. Baina produktua egin eta ez saltzeak diru galera zekarren». Gaur egun, plastikoa bakarrik egiten dute, eta Txinako moldeen bezero dira. «Zaila da tokian tokikoaren aldeko irizpide hori mantentzea, batez ere krisi garaiotan, eta gaizki pasatzen da».

Asko kostata hartutako beste erabakia nazioartera zabaltzea izan da. «Hemengo dirua kanpora eramatea ez zen hain argi ikusten. Baina lanaren atzetik joan behar genuen». Espainiara zabaldu zen aurrena Tajo. Guadalajaran ireki zuen lantegia. Automoziorako materiala egiten dute han, eta urritasunak dituzten pertsonek lan egiten dute. Katalunian ere ireki zuten beste bat, baina egoera ekonomikoa zela medio, orain bi urte itxi zuten.

Polonian eta Txekiar Errepublikan ere ekoizpen zentro bana jarri du. «Etxeko tresnak egiten dituzten enpresa nagusiak Poloniara joan dira, eta automoziokoak, Txekiar Errepublikara. Haien atzetik joan gara, joaten ez baginen beste batzuei emango zietelako lana». Mondragon taldeko kide da Tajo, eta Mondragon Inversionesek ere lagundu zuen ekimena. «Proiektu batekin eta babesarekin joan ginen». 2006an izan zen hori. Orain, atzera begiratuta, erabaki zuzena izan zela uste du. «Hemengo lanaren zati bat kanpoan jarritako enpresa horiei esker dugu».

Urte onetan gaitasun handia lortu du Tajok, eta, orain, hori bihurtu zaio arazoetako bat. Fagor du bezero nagusia. «Lehen, 4.600 garbigailu egingo zituen, eta orain erdia ere ez. Gaitasuna badu, baina eskaerarik ez. Guk ere badugu gaitasuna lekuz eta abar, baina eskaera jaitsi egin da». Zail ikusten du garai bateko kopuruetara itzultzea, eta beste mende erdia bete ahal izateko, erabaki gogor gehiago ere hartu beharko ditu seguru asko. «Honek gauza bat du ona: erabakiak demokratikoki hartzen direla, gehiengoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.