Elkarrizketa (2004-03-24)

Talamoni: «Ez dugu arazorik izango Korsikako lurralde asanblea autonomistekin gobernatzeko»

Joan den igandeko lehen itzulian bozen %12 jaso zituen zerrendako hautagaiak espero du uharteko erakunde autonomoko buru nazionalistak izatea, eta hori galarazteko fronterik ez eratzeko ohartarazi die «alderdi tradizionalei»

2004ko apirilaren 15a
15:09
Entzun
Korsikako independentziaren aldeko mugimenduko burua da, ezbairik gabe, Jean-Guy Talamoni 1992. urtean Corsica Nazione koalizioa sortu zenetik. Edmond Simeoni nazionalismoaren buruzagi historikoarekin partekatzen du protagonismoa egun egiten ari diren Lurralde Asanblearako hauteskundeetan. Corsica Nazioneko zortzi diputatuek biltzarreko aulkiak utzi zituzten erakundeen erreformarako erreferendumaren ondoren, ezetzak 2003ko uztailaren 6ko galdeketa ozta-ozta irabazi zuenean. Baliteke, egun, nazionalistak diputatu gehiagorekin sartzea berriz Lurralde Asanblean, joan zen igandean eginiko lehen itzulian Unione Naziunale zerrendak lortu zituen bozen %12,18ei esker. Nazionalisten batasun zerrendan independentistekin batera A Chjama Naziunaleko autonomistak daude Simeoniren gidaritzapean eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia. Hiru taldeetako hautagaiek biltzar berriaren gobernuan sartzeko moduan daudela diote.

Espero zenituzten emaitzak lortu dituzue?

Bai. Azken hauteskundeetan beti egin du gora botoa eman diguten herritarren kopuruak. Egun, bigarren itzulira baldintza onetan igarotzeko aukera ematen diguten emaitzak ditugu, hirugarrenean uharteko lehen indarra bihurtzeko.

Zer ekar dezake autonomistak Lurralde Asanblean sartzeak? Zer ekar dezakete autonomistek?

Ideia nazionalisten multzoa jasotzen duen gobernu bateratuko egitasmoa dugu. Funtsean kultura, lurralde, ekonomia eta osasun publikoaren inguruko konpromisoa da. Ideiok biltzarrean ezartzeko asmoa dugu. Gure artean ez da zailtasunik egongo nazionaliston arteko gobernua eratzeko. Haatik, baliteke arazoak izatea fronte bateratuan parte hartzen ez duten beste alderdiekin gobernua partekatzeko. Gure berezitasunekin, Unione Naziunale egitasmoa nazionalista guztiok partekaturikoa da.

Beste zerrenda nazionalistak U Rinnovu eta Unita Populare ez dira heldu itunak egiteko kontuan hartuak izateko behar den %3ra. Unione Naziunalek boto horiek jaso ditzake bigarren itzulian?

Negoziazioak abiatu zirenetik, alderdi nazionalista guztiekiko irekirik izan gara. Hala eta guztiz ere, talde batzuek hautagaitza bakarra uztea erabaki zuten azken unean. Ez dakit alderdiotako botoemaileek noren aldeko boza emango duten datorren igandean.

Yvan Colonna frantziarrek lau urtez gehien bilaturiko pertsona bizi zen herrian, Carghjesen (Cargese), Unione Naziunale izan da zerrendarik bozkatuena alde handiz. Zeinu bat baino gehiago da hori?

Bai, sinbolo handia da. Aurrera egiten ari gara Korsikako leku guztietan, Carghjesen barne. Nabarmentzekoa da Carghjese nazionalismoaren aurkako gotorlekua izan dela duela hainbat hamarkadatatik. Gogoratu behar da herri horretan debekatu zitzaiola abestea I Muvrini taldeari, hau da, erro nazionalista sakonak dituen herri musika talde bati. Arrazoi askorengatik da sinbolikoa. Baita egun Frantziako kartzeletan preso diren hainbat nazionalistaren jaioterria delako ere.

Zein talderekin ikusten duzu egun Korsikako Lurralde Asanblean gobernua osatzeko aukera?

Unione Naziunalek ez du behar adinako indarrik izango biltzarreko Kontseilu Eragilean bakarrik sartzeko. Sartzekotan beste indarrekin izango da, eta hitzarmenetan oinarrituta. Goizegi da eserleku banaketaz mintzatzeko, ez dakigulako oraindik gure egitasmoa une baterako aliatuen laguntzaz ezartzeko aukerarik izango ote dugun. Haatik, guk hitzarmenak egitea gure egitasmoaren atalik esanguratsuenak onartuko dituztenekin soilik egitea aurreikusten dugu. Gure kultura eta gure hizkuntzaren defentsa gure egitasmo politikoaren bihotza da. Beste osagai garrantzitsu batzuk honako hauek dira: gure nortasunari loturiko ekonomiaren garapena, erakunde garapena Korsikako Lurralde Asanblearentzat botere legegilearekin, zein preso guztien defentsa eta aske uztea. Hori guztia gure bazkideari eskatu behar diogun ideien zati bat da. Oinarri horretan lan egin ahal bada, orduan hartuko dugu parte gobernuan.

Baliteke FLNC Korsikako Nazio Askapen Frontea borroka armatuari berriz ekitea nazionalistak ez badira gobernura iristen?

Galdera garrantsitsuena da ea indar politiko tradizionalak direlakoak agintera helduko ote diren contra natura eginiko hitzarmenei esker. Eskuinak eskuinari ematen badio boza, eta ezkerrak ezkerrari, tentsio gutxiago izango da, talde batzuek nazionalisten sarrera galarazteko fronte errepublikanoa delakoaren alde egiten badute baino.

Ia gauero, oporretarako etxeetan eta bestelako jabetzetan bonbak jartzen dira. FLNCren adarren meniaz hitz egin daiteke?

Su-etena ofiziala da, FLNCk bi adar ditu soilik: FLNC-Borrokalarien Batasuna eta FLNC-Urriaren 22koa. Oraingoz, denak dagoen bezala jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.