Bere produktuak eta enpresak izateaz gain, zenbait egitasmotan beste eragile batzuekin elkarlanean ari da Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT). Hauetan:
'Hitza'-k
'Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza'. 2001ean sortu zuten eskualdeko euskarazko egunkaria, Egunkaria-ren garaian. 2003an EKT sartu zen.
'Oarsoaldeko Hitza'. 2003.
'Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza'. 2003
'Urola Kostako Hitza'. 2004.
'Goierriko Hitza'. 2004.
'Irutxuloko Hitza'. 2005. Donostiakoa.
'Busturialdeko Hitza'. 2005.
'Behe Bidasoako Hitza'. Hori izan da azkena sortzen: 2009ko martxoaren 24an. Izaera desberdina du besteen aldean: egunero Internet lantzen du, astean behin papera.
'Hitza' guztien tirada. 45.000 ale. Egunero ia 100.000 mila irakurle dituzte, CIESen arabera; tarteka, 190.000ra iristen dira.
Webguneak.Hitza bakoitzak bere webgunea du -herrietakoak barne- eta denen artean, beste hedabide batzuekin elkarlanean, Hitza.info daukate.
Elkarlanean sortuta denak. Zortzi Hitza-k elkarlanean sortutako proiektuak dira: tokian tokiko euskara eta komunikazio elkarteak, tokiko gizarte eragileak eta BERRIAren EKT enpresako Bertako Hedabideak dira sortzaile eta bazkideak.
'www.iragarkilaburrak.com'
Iazko ekainean jarri zuten martxan iragarkilaburrak.com ataria EKTk eta beste hogei eragile pasak. Astero 11.000 bisitari ditu. Astean behin paperean gehigarria ere ateratzen dute: 120.000 ale -300.000 euskaldunengana heltzen da-.
‘Nora’ bidaia eta aisialdi aldizkaria
Sua edizioarekin batera sortu zuen Nora euskarazko lehen bidaia eta aisialdi aldizkaria EKTk iazko urtarrilean. BERRIArekin batera saltzeaz gain (egunkariko harpidedunei oparitu egiten die), bidaia eta aisialdi aldizkariko harpidedunak egiten ari da EKT. Hala, hilean aldizkariaren beste 500 ale inguru saldu eta banatzen ditu. “BERRIA erosten ez duten batzuek Nora erosten dute, eta horrek euskarazko hedabide gehiagoren beharra agerian uzten du, zabaltzeak eta gauza desberdinak eskaintzeak erosle gehiago erakartzeko bide ematen du”.
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea
EKTk beste eragile batzuekin hartzen du parte hiri eta eskualdeetako telebisten egitasmoan. 2008an Bilboko telebista martxan jartzeko lana egin zuten, eta 2009ko hasieran abiatu zuten. Era berean, Durangaldeko (Bizkaia) bazkideekin batera (Anboto eta Gerediaga) bertako telebista nola antolatu aztertzen ere asko aurreratu dute.
Bidasoa Inprimatzeko Zentroa
Bost enpresa daude egitasmoan, eta EKT da horietako bat. 2009ko amaieran edo 2010 hasieran martxan izango da zentroa.
Euskal unibertsitatea sortzeko Fundazioa
“Euskarak eta euskaltzaleek aspalditik duten behar bati erantzuteko aukera baten aurrean gaude: euskal unibertsitatea izatea”, dio EKTk. Euskalgintzako beste eragile batzuekin elkarlanean aritu da Fundazioa sortzeko: Kontseilua, UEU, Ikastolen Elkartea, AEK, Elkar, Ipar Hegoa Fundazioa eta Nazio Eztabaida Gunearekin. Proiektua prestatu eta aurkeztea izan da lehen urratsa. Iazko ekainean sortu zuten Fundazioa.
Taldeak parte hartutako proiektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu