Arcelor Mittalek Zumarragako jardueraren zati bat etengo duela-eta, Jaurlaritzak adierazi du albisteak "gogor kolpatu" dituela euskal industria eta, nagusiki, Urolako familiak: "Egoera zail honetan, laguntza eta elkartasuna adierazten dizkiegu".
Enpresak lantegiaren itxiera partzialaren eta langileen toki aldaketen erabakia, modu orokorrean jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzari. Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua ez dator bat erabakiarekin, "ez baitira gertaera edo elementu berriak ezagutzen azken aldiz enpresaren eta langileen arteko akordioa sinatu zenetik". Akordio horren arabera, langileen baldintzak malgutzeko "esfortzu handia" egin zen eta enpresak jardueraren aldeko konpromisoa hartu zuen, Tapiaren esanetan.
Eusko Jaurlaritza "jakitun da kanpo-faktoreek eta faktore objektiboek zamatu dutela altzairu-sektorearen lehiakortasuna, eta Zumarragako instalazioaren zati garrantzitsu baten xedeko merkatua, korrugatuena, egoera oso konplexuan dagoela". Hala ere, Tapiak gogorarazi duenez, merkatu hori bera "egoera okerragoan" egon da iraganean.
Sailburuaren iritziz, Arcelorrek "ez du enpresa-erantzukizunez jokatu, Zumarragako instalazioak lehiakorragoak izateko. Egia da ekoizpena areagotzeko eta prozesu eraginkorragoa hobetze aldera hainbat neurri ezarri dituela, baita langileen soldaten murrizketarekin lotuak, baina negozio plana ez da egoerari zor zitzaion zorrotza izan. Ez dute inbertsiorik egin makineria puntuan jartzeko, ez dituzte produktuak dibertsifikatu eta ez dute apustu irmorik egin produktua berritzearen eta hobetzearen alde. Eta horrek guztiak ekarri du instalazioaren itxiera".
Horiek horrela, Arcelorreri eskatu dio erabakiaren baldintzak "berriz hausnartzeko" eta "ordezko neurriak" aurkezteko.