Honakoa da Joan Mari Torrealdaik Donostiako Bulevarrean egin duen hitzaldia, osorik:
"Eskerrik asko gurekin batera elkartu zaretelako. Eskerrik asko zuen mina, ezina, jasanezina, hasarrea eta aurrera-beharra aldarrikatzeagatik.
Otsailaren 22ko manifestazioan ni neu eta gutako batzuk ez ginen hemen. Goardiazibilaren ziegetan geunden. Orain gure lagunak eta lankideak daude han, infernu hartan.
Ez dakite gu hemen gaudenik. “Eskerrik asko” handi batekin beraien izenean eskertu nahi dizuet zuen elkartasuna. Ez dakizute nola estimatzen den gezur zaparrada politiko-polizial-judizial-mediatikoa zure herriak ez duela sinesten, zugan eta zure lanean sinesten duela, eta zu babestera bildu dela.
Zortzi hilabete beteko dira etzi Euskaldunon Egunkaria itxi zutela. Eta kalean gara berriro.
Larria izan zen otsailaren 20an Egunkariaren aurka egin zutena. Oraingoa ez da gutxiago. Enpresa bat ez da ixten ateak itxita bakarrik. Kontuak blokeatuta berdin ixten da.
Oraingo erasoa oso larria da, eta eraso gehiagotarako irekitzendu bidea.
Buruntzape jota, Martin Ugalde Kultur Parkea isteko bidean utzi dute. Badakite Martin Ugalde Kultur Parkea errealitate eta sinbolo dela guretzat. Eraso programatua da. Euskal Herri osoan erroturik dauden kultur industria sendoak kolpatu nahi dituzte. Zuhaitzari sustraiak moztu nahi dizkiote, berekasa ihartuz joan dadin.
Euskal kulturgintzak ez dio inori gerrarik egiten. Baina etengabe eraso egiten digute. Euskarak bakea behar du. Denok bakea nahi dugu. Eta euskararen herriak askatasuna behar du bizitzeko, lan egiteko, garatzeko, kultur industriak antolatzeko. Askatasuna eta bakea.
Eta euskararen herriak babesa behar du. Hitzetatik haratago, atxikimenduetatik haratago, manifestazioetatik ere haratago, elkarlanerako programak behar ditugu, hitzarmen estrategikoak.
Behar beharrezkoak ditugu euskalgintza osoa babesteko neurri iraunkorrak eta eraginkorrak.
Ezin genezake jarrai honela, ezinaren betiko gurpilean jiraka, erasoa erasoaren gain, gero eta makalago. Ezin genezake eta ez dugu nahi.
Orain lehenbailehen behar duguna da euskara eta herri honen nortasuna onartzen duten guzti-guztion ekintza-batasuna, inor baztertzeke.
Alderdiek, taldeek, erakundeek diferentzia legitimo guztien gainetik, eginahalak egin behar dituzte ekintza-batasun bat antolatzeko, Estatu erasoaren tamaina berekoa.
Hona bildu den inor ez dago sobera, ez eginkizun horretan eta ez hemen. Guztion babesa behar du euskararen herriak. Elkar indartuz eta babestuz bakarrik egin genezake aurrera. Horretarako prest zaudeten guztioi, animo eta aurrera!".
Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa / Donostiako manifestazioa
Torrealdairen hitzaldi osoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu