Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta jarraitzen dute larunbataz geroztik atxilotutako sei pertsonek. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi dienez, seien abokatuek Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu diote toruta saihesteko neurriak hartzeko. Baina auzitegiak ezezkoa eman du. Atzo Katalunian atzemandako Faustino Marcosen kasuan, Fernando Grande-Marlaska epaileak ezezkoa erantzun dio haren abokatuaren eskariari. Gainerako bosten kasuan, Ismael Moreno epaileak ez du erregua erantzun ere egin.
Larunbatean Asteasu eta Villabona artean atxilotutako Ibai Beobide bihar eramango dute epailearen aurrera. Larunbataz geroztik dago inkomunikatuta Guardia Zibilaren esku. Bazkalondoan atxilotu zuten, bizikletan zihoala, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Guardia Zibilaren arabera, atxilotze unen bere burua zauritu zuen Beobidek.
Haren ondotik, beste lau lagun atzeman zituen Guardia Zibilak Gipuzkoan, herenegun. Euri Albisu Seguran atxilotu zuen, eta beste hirurak Hernanin: Josune Balda, Jose Camacho eta Juan Mari Maizkurrena. Baldari eta Camachori egotzi diote Beobideri aterpe eman izana; gainerakoei zer leporatzen dieten ez dute jakitera eman. Haiek ere Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta daude astelehenetik, eta, beranduenera, larunbatean igaro beharko lukete epailearen aurretik.
Atzo, berriz, Katalunian Faustino Marcos atzeman zuen Espainiako Poliziak. Trenean zihoan, eta "ohiko geldialdian" atxilotu zuten, "susmo txarrak hartuta". Albiste agentzien arabera, 2002tik ihes eginda zegoen Faustino, baina ez du batere zorrik Espainiako Justiziarekin.
Atxilotuek jasan dezaketen egoeraz kezka agertu du AAMk, eta mobilizaziora deitu du. Hernanin eta Seguran elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, atxilotuak inkomunikatuta dauden bitartean. Donostian, manifestazioa egingo dute gaur, 20:00etan, Bulebarrean abiatuta. Bilbon, San Inazio auzoan, manifestazioa egingo dute etzi, 19:30ean, Levante plazan hasita.
Tortura saihesteko neurriak errefusatu ditu Auzitegi Nazionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu