Tourreko etaparik gogorrena bihar

2008ko uztailaren 22a
17:11
Entzun
Bihar korrituko dute Tourreko hamazazpigarren etapa: Embrun-Alpe d'Huez (210 kilometro). 65 kilometro goraka izango dituzte, maila bereziko hiru mendate: Galibier, Croix de Fer eta Alpe d'Huez.

Monetier les Bainsera iristen direnean hasiko dira Lautaret etzana igotzen (2.057 metro). 853 metroko desnibela dauka Lautaretek, eta ez dauka ia zailtasunik. Baina gainak Galibierrekin bat egiten duenean gogortuko da ibilbidea. Lautareten bertan %9ko pendiza dauka Galibierrek, eta azken kilometroa ere oso gogorra da, %10,5eko batez besteko pendiza baitauka errepideak. Oso mendate luzea, gogorregia ere ez, baina oso altua (2.630 metro). Bederatzi kilometro egingo dituzte 2.000 metrotik gora.

Jaitsiera betean, Valloiren, Telegrapheko bost kilometro etzan igo, eta ziztu bizian iritsiko dira Maurienne haranera. Saint Jean de Maurienne herrian hasiko dira maila bereziko bigarren mendatea igotzen: Croix de Fer, 30 kilometroko igoera luzea. Lehen 4-5 kilometroetan %7-8ko pendizak dauzka Croix de Ferrek, Pierrepein herrira iritsi arte. Eta bi kilometroko jaitsiera txiki baten ostean, ondorengo sei kilometroak gogorrak dira, %7-9ko batez besteko aldapa baitago etengabe, La Brevieren barrena. Pare bat kilometroko jaitsiera, berriz ere, %4-5eko pendiza apala St. Sorlin d'Arves herriraino, eta azken zatian, gogortasuna, beste behin. %8koa da batez besteko aldapa azken zazpi kilometroetan, eta %9,9ko pareta bat ere badago tartean.

Broma gutxi, beraz, Croix de Ferren gora, eta are gutxiago Alpe d'Huezeko 21 bihurgune ospetsuetan barrena. %11tik gorako pareta batekin ematen du ongietorria Alpe d'Huezek, eta, indarrik daukanak, hor jo beharko du lehen erasoa, Lance Armstrongek 2001ean egin zuen moduan. %9,8koa da bigarren kilometroa, %7,7koa hirugarrena, %10,4koa laugarrena... 21 bihurgune, igoera itoa (%9,9 eta %9,3ko batez bestekoa dago, berriz ere, 10. kilometrotik 12.era), eta, larunbateko erlojupekoaren faltan, Tourreko azken ostikoak emateko garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.