Transnistriako Defentsa ministrorde Vladimir Atamaniukek gaur adierazi du "denbora kontua" dela bere errepublikaren independentziaren onarpena. Moldaviaren menpe dago Transnistria, baina 1991n, Sobiet Batasuna desegitean, independentzia aldarrikatu zutenetik, de facto independentea da: Transnistriako Moldaviar Errepublika izena jarri zion bere buruari.
Atamaniuken esanetan, Transnistria ez da "inoiz" Moldaviaren zati izango. Chisinauko (Moldaviako hiriburua) agintariek transnistriarren borondatea errespetatuko duten esperantza agertu du, gainera, Atamaniukek.
Transnistria Dniester ibaiaren ekialdeko lurralde estua da, eta Ukrainarekin egiten du muga, besteak beste. Gehienbat errusiar hiztunak dira bere biztanleak, eta 1992-1993 urteetako gerra zibilaren ondoren Moldaviarekin harremanak hautsi zituen. Independentziazaleek Moskuren sostengua izan zuten.
Atamaniuken iritziz, Errusiak Georgiaren menpeko Hego Osetia eta Abkhaziaren independentziak formalki onartu izanak argi erakusten du nola konpondu behar diren izoztuta dauden gatazkak.
Transnistriako agintari batek dio "denbora kontua" dela bere errepublikaren independentziaren onarpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu