• Integrazio politikoa. Krimean egungo gobernua eta parlamentua egonen dira agintean 2015eko irailera arte. Hauteskundeak eginen dituzte orduan.
• Herritartasuna. Errusiako Migrazio Zerbitzu Federala hasi da Krimeako herritarrei pasaporteak jaulkitzen. Krimearrek automatikoki hartuko dute Errusiako herritartasuna, eta Ukrainakoari eutsi nahi diotenek hilabeteko epea daukate jakinarazteko. Moskuk ez du zehaztu zer gertatuko den Errusiako herritartasunari uko egiten diotenekin.
• Dirua. Krimeako Parlamentuak adierazi du astelehenetik aitzinera ordainketa guztiak errublotan eginen direla. Ukrainako hrivnia indarrean dago oraindik.
• Pentsioak. Errusiako lehen ministrorde Olga Golodetsek adierazi du pentsio eskubideak «erabat» bermatuko dituztela eta Ukrainako Estatuak ordaindutakoaren aldean «handitu» eginen direla. Hala ere, «kalkuluak egiteko bizpahiru egun» behar dituztela erran du, eta, sistema berria ezarri arte, lehengoarekin jarraituko dute.
• Banku sistema. Krimeako bankuek azken egunotan muga zorrotzak jarri dituzte dirua ateratzeko, finantza sistemaren egoera zehaztu gabe gelditu dela argudiatuta. Konstantin Koristxenko Errusiako Banku Zentraleko zuzendariorde ohiaren arabera, trantsizioa «buruhausterik gabe» eginen da, Ukrainako eta Errusiako bankuek egokitasun harremana daukatelako. «Sistema horrekin, luzaroan egin liteke edozein ordainketa».
• Inbertsioak. Krimeako Parlamentuak agindua emana du Ukrainako Estatuak penintsulan dauzkan jabetza guztiak nazionalizatzeko. Agintariek hitzeman dute Ukrainako enpresa pribatuak errespetatuko dituztela. Errusiako Ekonomia Ministerioak kalkulatu du Krimeak 3.627 milioi euro inguruko inbertsioa beharko duela.
• Hizkuntza eta hezkuntza. Parlamentuak hiru hizkuntza ofizial onartu ditu: errusiera, ukrainera eta tatarera. Sebastopoleko Udalak erran du ez duela ukrainerazko «eskola bakar bat ere» itxiko. Errusiako unibertsitate federal bat sortu nahi du Krimeako Gobernuak, urtebeteko epean.
• Soldaduska. Urtebeteko zerbitzua ezarriko zaie 18-27 urte arteko gizonezkoei.