Soldadurarik gabeko altzairu hodiak ekoizten ditu Laudioko enpresak (Araba), eta petrolio merkearen eta lehengaien prezioen jaitsieraren eragina nozitzen ari da bere kontuetan. Urtarriletik ekainera bitartean %87,7 txikitu zaio irabazi garbia, iazko aldi berarekin alderatuta: 1,7 milioi euroko irabaziak izan ditu aurtengo lehen seihilekoan.
Irabaziek behera egin arren, Tubacexek azpimarratu du bigarren hiruhilekoan lehenengo hiruhilekoko datuak hobetzea lortu duela, orduan milioi erdiko galerak pilatu zituelako. Bigarren hiruhilekoaren hobekuntza balio erantsiko produktuen ekoizpenean posizio hobea lortzeari zor zaiola azaldu du. Hala ere, aurtengo lehenengo seihilekoan iazkoan baino %13,5 salmenta gutxiago egin ditu.
2015an ere nabarmen jaitsi zitzaion fakturazioa, urtea 8,4 milioi euroko irabaziekin itxi arren: irabazi garbiak %64 murriztu zitzaizkion, eta salmentetan ere %2,4 egin zuen atzera. Petrolio eta gas bilaketan ari diren enpresen, findegien eta argindarra banatzen duten konpainien eskari maila nabarmen jaitsi zitzaion iaz Tubacexi, %30 eta %50 artean. Konpainiak merkatuaren egoera "oso ahula" aipatu zuen irabazien beherakada azaltzerakoan.