Ahmed Txalabi buruzagi xiita laiko eta behin-behineko Gobernu Kontseiluko kide ohia ez dutela atxilotuko ziurtatu dute gaur Irakeko Barne Ministerioko iturriek, nahiz eta duela egun batzuk haren kontrako bilaketa eta atxilotze agindua eman. Iruzur delitua leporatuta eman zuten Txalabi atzemateko agindua.
Orain, ordea, lege prozedurak amaitu arte ez dutela Txalabiren kontrako neurririk hartuko azaldu du Barne Ministerioko bozeramaileak.
Agindua eman zutenean Txalabi Iranen zegoen, eta gaur itzuli da Irakera.
Ahmed Txalabi AEBek Iraken zuten aliatu nagusietakoa zen inbasioa hasi zutenean; hain justu, behin-behineko Gobernuko presidente hura izendatzeko asmoa zuen, hasiera batean, Washingtonek. Gero, ordea, gaiztotu egin ziren Txalabiren eta AEBen arteko harremanak: Iranen espia izatea egotzi zioten estatubatuarrek Txalabiri.
Azkenik, joan den astean bilatze eta atxilotze agindua eman zuen Irakeko behin-behineko Gobernuak Txalabiren kontra, eta baita haren iloba Salem Txalabiren aurka ere. Salem Txalabi Saddam Hussein epaitu behar duen Auzitegi Bereziko burua da, baina Finantza Ministerioko goi-kargu baten hilketan zerikusia izatea leporatu diote.
Irak
Txalabi ez dutela atxilotuko ziurtatu du Barne Ministerioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu