1976ko martxoaren 3aren urteurrena

Txasko: «Duela 30 urte baino umiliatuago eta irainduago sentitu naiz»

2006ko martxoaren 6a
18:15
Entzun
Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kidea da Andoni Txako eta Rafa Diez LABeko idakari nagusiarekin izan da, besteak beste gaurko agerraldian. «Duela 30 urte polizia nazionalak jipoitu ninduen. Orain, Ertzaintzak jipoitu nau, baina esan behar dut orduan baino askoz ere umiliatuago eta irainduago sentitu naizela oraingoan». Hitz horiekin laburbildu zuen Txasko joan den ostiralean jasan zuena.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako langileak gogoratzeko manifestazioan zihoanTxasko. Ertzaintza agertu arte, ekitaldi guztiak arazorik gabe egiten ari ziren Txaskoren arabera baina agertu zirenean aldatu zen egoera. «Ertzainek ez ziguten pasatzen uzten, eta hizketan hasi ziren manifestazioaren buruan zeudenekin. Ni bigarren lerroan nengoen eta ez nuen entzun zertaz aritu ziren. Une batean, ertzainek atzera egin zuten eta bazirudien pasatzen uzten zigutela, baina orduantxe eraso egin ziguten».

Zenbait ertzainek zuzenean jo zuten Txaskoren kontra, eta zenbait makilkada emateaz gain, gomazko pilota batekin tiro egin zioten. Pilotakadak erredura ikusgarria utzi zion sabelean. Gaur marka erakutsi die Txaskok kazetariei: «Bertatik bertara egin zidaten tiro, eta pilota jertse polarraren barneko aldean geratu zitzaidan».

Duela 30 urte jasandako jipoiaren ondorioz, ikusteko arazo dituen arren beste ertzain batek pilota jaurtigailuaren kulatarekin jotzeko keinua egin ziola iruditu zitzaion Txaskori: «Neure burua babesteko, bi eskuekin fusilari heldu nion, eta orduantxe hainbat ertzain oldartu zitzaizkidan eta sekulako jipoia eman zidaten: makilkadak, ostikadak... Denetarik».

Polizia etxera eraman ei zuten lehenik eta ondoren Santiagoko erietxera eraman zuten, eta han zauritu ugari zegoela ikusita, Txagorritxura. «Denbora osoan eskuak lotuta eduki ninduten gaizkile baten moduan, ez zidaten familiarekin hitz egiten utzi, Lluis Llachi buruz ere mespretxuz hitz egiten zuten... Duela 30 urteko jipoia gogorragoa izan zen, baina orain inoiz baino umiliatuago sentitu naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.