«Afrikan ez dago ekonomiaren gerra hotzik». Agintariek baieztapen borobil bat egiten dutenean kontrakoa ezkutatzen ari direlako izaten da sarri. Barack Obama AEBetako presidenetak joan den ekainean Senegaldik Hegoafrikara bitarteko hegazkin bidaian kazetariei esandako esaldi horrek ere laguntasun irudiaren atzean norgehiagoka badagoela ezkutatzen du. Hala ulertu dute, bederen, ekonomia kazeta nagusiek. Eta kontinentean Pekini bidea ixteko presio egiten ere ari dira Etxe Zuriari. Obamak Afrikara egindako bidaia txikiegia da, eta beranduegi dator tituluarekin erantzun zion Financial Times kazetak Obamak ekainean bere agintaldian kontinente beltzera egindako lehen bisitari. AEBetako GlobalPost atariko goiburua gogorragoa izan zen: Obama Afrikan: Txinak 1, AEBek 0.
Washington Iraken, Afganistanen eta Iranen katramilatuta ibili den azken hamarkadan Txina, zarata handiegirik egin barik, kontinenteaz jabetu dela aurpegiratzen diote kritikoek Obamari. Gaur-gaurkoz, AEBek Afrikarekin duten merkataritza bolumena, 80.075 milioi euro, Txinak duenaren erdia baino ez da. Beste datu bat: gaur egun Txinak Saharaz azpiko herrialdeetan merkataritza gaietarako 150 kontsulatu ditu; AEBek, berriz, sei besterik ez.
Hala eta guztiz ere, Obamaren esanetan, «ona da Txinak, Indiak, Turkiak eta Brasilek Afrikan arreta jartzea». Dena dela, Pekinen interesak bereak baino txarragoak direla nabarmendu du AEBetako presidenteak: «Txinak Afrikan duen interes nagusia lehengaiak eskuratzea da, esportazioetan oinarritutako bere ekonomiak fabrikatzaileak elikatzeko». AEBen inbertsio eta merkataritza ereduak tokiko herrialdeetan ere aberastasuna sortzea omen dute helburu.
Londresen abisua
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Obamak baino argiago berba egin izan du Afrikaz eta Txinaz, erreparorik barik. Pekinen «kapitalismo autoritarioarekin» kontuz ibiltzeko ohartarazi zien orain bi urte Afrikako estatuei Nigeriara egindako bisita batean. Cameronen iritziz, Londresek «harreman berri bat» hasi beharra du Afrikarekin, «jada desagertuta baitago kolonialismoaren gerizpea». Mendebaldeko potentziek Afrikako agintari autoritarioenekin negozioak egiteko erreparorik ez izatea ere leporatzen diete bai Indiari eta bai Txinari —bereziki hari—. Baina hori zartaginak pertzari ipurbeltz esatea beste da.
Asko dago galtzeko eta irabazteko Afrikan, eta hortik tentsioak. NDFren arabera, Afrika jada Asia baino azkarrago ari da hazten. ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroak azaldu du orain arte «okerreko pertzepzioen kontinentea» izan dela, eta Txina eta India izan direla Afrikaren epe ertain eta luzeko potentzial ekonomiko handiaz azkarren jabetu direnak eta kapitalizatu dutenak.