Txostena "desorekatua" izanen da, ELAren ustez

2016ko abuztuaren 4a
16:13
Entzun

"Banku handien boterea mugatuko lukeen" erakunde publiko baten aldekoa da ELA sindikatua, baina kritikatu du Nafarroako Gobernuak "patronalaren iritzia besterik" ez duela aintzat hartuko: "Ez du jasoko ez banka etikoen, ez elkartasun-ekonomiako erakundeen ezta langile klasearen defentsan dihardugun eragileon ikuspegirik ere".

ELAk uste du Nafarroako banku publikoaren sorrera "oso berri ona" izan daitekeela, baina salatu du foru gobernuak banku horren bideragarritasuna eta ezaugarrien txostena adjudikatzeko baldintzak "lausotu" dituela.

Sindikatuak azpimarratu du banku publikoaren aldekoa dela, "batez ere hemengo ekonomia bultzatzeko eta nafar guztion aldeko zerbitzu finantziero bezala". Baina kexatu da lehiaketaren epea hilabete batekoa baino gutxiagokoa dela. Halaber, kritikatu du lehiaketan parte hartu ahal izateko muga "zorrotzek adjudikazioaren irabazleak seinalatzen" dituela: "Auditoria-enpresa handiak edo kapital handientzako lan egiten duten kontsultorak".

EH Bildu, ausardia eske

Banku publiko bat sortzeko lehen urratsak "begi onez" hartu ditu koalizio abertzaleak. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariaren esanetan, "CAN desagerrarazi zutenetik" Nafarroak finantza erakunde "propioa" behar zuen. Gaineratu du lehen aldiz eginen duela gobernuak "bertako finantza egoeraren" gaineko ikerketa. 

Hala ere, Araizek kritikatu du lehiaketa "kontsultora handienei" zuzenduta dagoela, "esperientzia handia" eskatzen zaielako hautagaiei. Nafarroako Gobernuari "ausardia" eskatu dio Araizek, bestelako eragile eta erakundeak ere kontuan hartu eta "ikuspuntu sozialagoa" landu dezan.

EH Bilduk ausardia eskatu du, ikerketak ez dezan baldintzatu etorkizunean banku publikoak bestelako funtzio eta helburuak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.