Udalbiltzaren adierazpena

2010eko apirilaren 17a
17:56
Entzun
-Egunkaria auziaren absoluzio epaia ezagutu ondoren, gure poza adieraztearekin batera, Udalbiltza auzian ere sententzia horretan biltzen diren arrazoi guztiak errepikatzen direla adierazteko batu gara gaur. Eta, beraz, berriro ere, Udalbiltza epaitzearen eta zigortu nahi izanaren bidegabekeria salatzeko.

-Baina, egia esan, Espainiako estatuak oraingoan ere, ez du ospakizunetarako tarte handiegirik utzi. Auzitegi Nazionalaren aginduz eta Guardia Zibilaren eskutik, inkomunikazio agindu ikaragarriaren tunel beltzean sartu dituzte aste honetan beste hamar euskal herritar: sindikalistak, irakasleak, margolaria, abokatuak, preso ohiak... Badirudi oraingo honetan euskal preso politikoekiko elkartasuna eta defentsa lana bera direla kriminalizazioaren jomuga. Eta, beste behin ere, (Egunkariaren eta Udalbiltzaren kasuan gertatu zen modura), lehenengo filmea kontatu digu Barne Ministerioak, ETAkidetzat joaz hamar pertsona, horren ezelako frogarik erakutsi baino lehen.

-Beraz, beste ezer baino lehen, Udalbiltzako auzipetuok bat egiten dugu bihar arratsalderako Donostian zein Bilbon eginda dauden manifestazio deialdiarekin eta haren leloarekin: Errepresioa amaitu, Demokrazia Euskal Herriarentzat.

-Udalbiltza auziaren kasuan, epaiketa hastear egon daiteke aurki, berez, Egunkarikoen hurrengoa delako. Hain zuzen, gainera, hil honen 29an beteko dira jada zazpi urte Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa agindu zuenetik Espainiako Auzitegi Nazionalak: 13 pertsona kartzelaratu zituzten, egoitza publikoak itxi (kasu batzuetan udaletxeetan zeuden egoitzak), eta herritarrek Zuberoako hainbat garapen egitasmorako emandako 400.000 euro lapurtu zituzten orduan.

-Zazpi urte luze dira, beraz, instituzio publiko bat eta 22 langile eta udal hautetsi bahiketa egoeran daudena. Gizarteari eskatzen diogu, epaiketa hasi behar denerako adi egon dadila, eta beste hainbatetan legez, elkartasun olatua mugi dadila bidegabekeria honen kontra.

EGUNKARIA-REN EPAIA JAKIN ONDOREN ESAN NAHI DUGUNA:

-Hasieran aipatu bezala, Egunkaria auziaren gaineko epaian interesgarriak eta positiboak iruditzen zaizkigun hainbat puntu daude. Besteak beste, komunikabide baten itxiera inkonstituzionala kontsideratzea, torturen sinesgarritasuna adierazi izana, eta akusazioaren froga gabezia nabarmendu izana.

-Egunkaria auzia eta Udalbiltzarena hainbat modutan era mimetikoan ere interpreta daitezke. Ikusi, bestela, Gomez Bermudezek eman berri duen sententziaren pasarte hau: “Las acusaciones han invertido el proceso inductivo. Primero se ha decidido cuál es la conclusión, de la que se predica, sin base, que es indiscutible, luego se buscan las señales, vestigios o indicios, y por último se rechaza cualquier sentido o explicación de éstos que no apoye la conclusión”.

-Horrelaxe gertatzen da Udalbiltza auzian ere, eta hainbat aldiz salatu dugu jada:

1- Gure kasuan ere akusazioen idatzietan ez da inolako jarduera deliktiborik jasotzen. Azaltzen diren ekimenak, udaletxe eta beste instituzioetan bultzatzen eta laguntzen diren ekimenak dira. Diruaren erabilera okerra diotenean, haurrentzako aldizkari bat, ikastola bat, zerbitzu meteorologiko bat, estatistika proiektu bat, Zuberoako hainbat egitasmo eta antzekoak lagundu izana soilik aipatzen da.

2- Epaiketan eztabaidagai izango dena da, ea gu ETAko kide garen, ea gu ETAren agindupean aritzen ginen. Horren harira, esan daiteke Egunkariaren sententziak dioena: “defender la omnipresencia de ETA en la cultura vasca, es una falacia interesada”. Udalbiltza ETAren proiektua zela eta ETAk kontrolatzen zuela esatea, beste falazia bat da: Udalbiltzaren sorreran eta jardueran parte hartu duten milaka udal hautetsi kriminalizatzea bilatzenduen falazia interesatua.

3- Izan ere, ez dago inolako frogarik ez ezer akreditatzen duenik kanpoko agente baten agindupean aritzen ginenik.

4- Eta, frogarik ez dutenez, akusazio guztia narrazio fantastiko batean oinarritu dute. Nola uler daiteke bestela, 1978ko urtera atzera egin, Euskal Herriko Biltzarre Nazional deituriko proiektu herrikoiari hautsa kendu, ETArena zela esan eta 25 urte beranduago proiektu horren berredizioa dela Udalbiltza baieztatu?. Historiaren gezur hau da akusazio guztiaren zutabea edo sostengua. Beraz, Egunkariarekin egin bezala: lehenengo ondorioa aipatzen dute, Udalbiltzakoak ETAkoak garela, eta gero froga. Baina, frogarik ez dagoenez, istorio bat asmatzen dute, 25 urtez atzera eginez horretarako, eta historia bera faltsutuz. Akusazioaren ahuldadearen seinale ezin garbiagoa.

Amaitzeko, beraz, laster datorkigun epaiketari begira, Egunkarikoek aipatutako ideia egiten dugu geure: Gizartearen hauspoa eta indarra behar ditugu, Aznarren garaian martxan ipinitako erasoak atzera uzten hasteko. Egunkariak egindako urratsa sendotzen joan dadin, beste bidegabekeria bat ekidin behar dugu guztion artean.

Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.