Udalen erdiak, independentziaren alde

2012ko irailaren 9a
09:09
Entzun

Arantxa Elizegi

Legezko edo legez kanpoko galdeketa bat egitea, inoiz ez legez kontrakoa, horixe da 2011n Viceko alkate Josep Maria Vilak sortutako Independentziaren Aldeko Udalen Elkartearen azken helburua, eta xede horrekin daramate urtebete lanean. Tarte horretan, espero gabeko emaitzak lortu dituzte. Uda hasieran jadanik 526 udalerriren babesa jasoa zuten —asko CiU Convergencia i Uniok zuzendutakoak—, herritarren %40 inguru, eta hemendik urte bukaera bitartean %60ra iristeko esperantza dute. Balaguerko alkate eta elkarteko presidenteorde Josep Maria Roigek azaldu duenez, galdeketa egun berean egingo litzateke elkarteko kide diren udal guztietan, hala, independentziaren aldeko gehiengorik badagoen jakiteko. Erreferenduma egiteko eguna, ordea, zehazteko dutela adierazi du, nahiz eta "laster" izango dela nabarmendu. 

Bestalde, PPko kideen eta Espainiako Gobernuaren erasoak salatu ditu erakundeak. "Independentismoaren lantzaren muturra bilakatu dira udalerriak, batez ere, parlamentuak horren aldeko jarrera argia agertu artean. Ikusi besterik ez da eskuinak haien aurka egindako ahaleginak", nabarmendu du Josep Maria Ximenisek, erakundeko idazkariak. Roigeren iritziz, gizarte zibilak berak erakusten die politikariei jarraitu beharreko bidea, eta erakundearen eginbeharra, berriz, "gehiengo" horren erradiografia zehatza egitea da. Haren ustez, erkidegoei eskumen gehiago murrizteko Madrilen asmoek udalerri gehiago bultzatuko dituzte erakundearekin bat egitera. Orain, hiri nagusien babesa jasotzea da erakundearen hurrengo helburua, Bartzelonarena kasu. Gaur egun, Girona, Manresa eta Balaguer dira elkarteko kide diren hiri handienak.

‘Lurralde askeak’

Kataluniako Parlamentua eta Generalitatea estu hartzeko asmoz, dagoeneko bi udalerrik lurralde aske izendatu dute beren burua, aste honetan bertan, baita Artur Mas presidenteari eskatu ere bi hilabeteko epean independentzia aldarrikatzeko. Sant Pere de Torrelloko Udala izan zen lehena, joan den astelehenean. Entesa-AMko bi zinegotzik—ERCrekin bat egina dagoena— eta CiUko batek bultzatuta, ezohiko osoko bilkura egin zuten, proposamena aztertzeko, baita aho batez onartu ere. Ordu batzuk geroago, oso antzeko prozesua jarraitu zuten Calldetenes herrian, non ERCk bultzatutako egitasmoak CiU eta CUP Candidatura D’unitat Popularren babesa jaso zuen.

Bestalde, osoko bilkuretan Espainiako armadako buruzagi batek aste honetan egindako mehatxuak gaitzetsi dituzte. Kataluniak independentzia aldarrikatu aurretik bera "hil" beharko zutela nabarmendu zuen Francisco Alamanek Alerta Digital egunkarian. Horrekin aski ez, eta independentistak "putre eta sarraskijaleak" zirela salatu zuen, eta ohartarazi "lehoia lo dagoela dirudien arren" mendeetan nabarmen erakutsi duela bere "basatasuna". Horiek hala, Catalunya Diu Prou plataformak haren aurkako salaketa aurkeztu du aste honetan Kataluniako Fiskaltzan, argudiatuz Alamanek gaizki erabili duela bere kargua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.