Santiana Cachenaut, Jon Enparantza, Amaia Rekarte, Arantza Zulueta eta Miren Illarreta abokatuek, Jon Anza zenaren familiaren haserrea eta mina adierazteaz gain, egia jakin nahi dutela gogoratu dute, eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren mehatxuak gaitzetsi dituzte. "Ulertzen dugu Rubalcaba jaunak bere burua defenditzeko erasotzea. Baina zertaz defenditzen da?". Anzaren familiaren izenean mintzatu dira bost abokatuak gaur, Baionan.
Azalpenak nahi dituzte, galdera asko erantzun gabe daudelako, haien ustez. Kasu, Anza iazko apirilaren 29an Tolosan (Okzitania, Frantzia) agertu zenean, dokumentaziorik gabe zergatik zen galdetu dute abokatuek. Edo zergatik zegoen orduan medikamendurik gabe, gaixotasun larria baldin bazuen. Edo neska-lagunak azkeneko aldiz ikusi zuen egunetik zergatik zegoen 11 egunera beste manera batez jantzita Anza. Eta, Tolosan aurkitu zutenean, koma egoeran al zen, edo konortea galduta. Eta gero zer tratamendu jaso zuen Tolosako erietxean. "Azalpenak familiari bakarrik ez, baizik eta euskal gizarte osoari eman beharko dizkiote".
"Gerra zikina" izan dela pentsatzeko arrazoiak badituztela esan dute, iraganeko kasuak hor daudela-eta. "Gorpua bahitu egin dute hamar hilabetean eta Frantzia inplikatuta dago. Michelle Alliot Marie Justizia ministroak ere eman beharko ditu azalpenak. Hau ez da koordinazio ezaren ondorioz gertatutako akats administratiboa izan". Hipotesi guzti-guztiak ikertu behar dela aldarrikatu dute.
Anzaren familia azkeneko asteetan "ikusle" gisa tratatu dutela ere salatu dute abokatuek. Tolosako gorputegian dago oraindik Anza euskal preso ohia, eta lehen autopsian -lehengo astelehenean- sendiaren konfiantzazko medikuari ez zioten parte hartzen utzi.
"Ulertzen dugu Rubalcabak bere burua defenditzeko erasotzea, baina zertaz defenditzen da?", diote familiaren abokatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu