Umorez ospatzeko

2013ko apirilaren 17a
09:23
Entzun

Joan den ostiralean Errenterian estreinatu ostean, Metrokoadroka sormen laborategiak larunbat honetan Beasainen eskainiko du Zertarako hegoak antzezlana. Usurbe antzokian izango da ekitaldia, 20:00etan. Sarrerak www.berria.info/berriataldea webgunean eros daitezke. Baita antzokian bertan ere, emanaldiaren egunean.

Antzerkiaren aurretik, halaber, Lorea Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Harkaitz Canok prestatu duten Berriari buruzko bideoa ikusi ahalko da, eta Martxelo Otamendik Berrian zertan ari diren azalduko du.

BERRIA Taldeak Metrokoadroka-ri propio eskatutako lana da Zertarako hegoak, baina Oier Guillan ikuskizunaren egileak sorkuntzarako tartea izan zuen: "Kolektiboa da gure lan egiteko modua. Talde bat gara, eta Berriaren atzetik dagoena ere komunitatea da. Beraz, mezuari begira gutasunaren edo kolektiboaren zentzu hori transmititu nahi izan dugu, presente baitago proiektuaren alde guztietan".

Egoera absurdo batetik abiatzen da antzezlana. Aurkikuntza harrigarri baten berri ematen du egunkariak: pertsona normal orok ditu superbotereak. Aurkikuntzak arazo bakarra du, ezertarako balio ez duten superbotereak direla topatu dituztenak. "Botere bat eduki dezake edonork gizartean, baina askotan sentsazioa da botere horrek ez duela balio. Kasu honetan, protagonistak hegoak ditu, baina ez dute hegan egiteko balio". Guillanen arabera, gogoetari ate bat zabalduko dio istorioak.

Amurrion, hilaren 26an

Zertarako hegoak ikusteko hurrengo aukera hilaren 26an izango da, Amurrioko Antzokian. Hurrengo egunean, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean antzeztuko dute. Bi ekitaldiak, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.