Urakana heldu dela-eta New Orleansko herritarrei hiria derrigorrez utzi behar dutela agindu diete agintariek

2008ko abuztuaren 30a
17:12
Entzun
New Orleansko (Louisiana, AEB) biztanleak hiritik ateratzen hasi dira Gustav urakana iristear delako. Ez dute, ordea, denek beren borondatez lekuak husteko asmorik; izan ere, Ray Nagin alkateak eguerditik aurrera hiria derrigorrez hustera behartu ditu. Autorik edo bestelako ibilgailurik ez dutenentzat 700 autobus kontratatu dituzte.

New Orleansko irteera errepideak ibilgailuz gainezka zeuden atzo, eta gaur trafikoa areagotuko dela espero dute agintariek. Auto ilara handiak sortuko direla aurreikusi dute, batez ere Texasko norabidean. Herritarrek 2005eko abuztuan Katrina urakanak hiria eta hainbat estatu urpean utzi eta ia erabat suntsitu zituela dute gogoan, baita agintariek hondamendiaren kudeaketa txarra egin zutela ere. Ondorioz milaka lagun hil ziren, eta beste ehunka mila etxebizitzarik eta deus gabe geratu ziren. Asko itzuli gabe segitzen dute, horretarako eta beren etxebizitzak eta bizitzak berreraikitzeko baliabiderik gabe daudelako.

Nagin alkateak gaur azaldu duenez, hiria hustea derrigorrezkoa da New Orleansko 300.000 biztanleentzat, eta, gainera, han gelditzea erabakitzen dutenentzat ez dute aterperik jarriko.

Superdome estadioa itxita egongo da, orain dela hiru urte izandako hondamendia berriz ez gertatzeko. 30.000 lagun izan ziren han, Katrina urakanaren ondorioetatik itzuri. Hiriak orduan izandako 2.000 hildakoak gogora ekarri zituen atzo Naginek, ezbeharra izan eta hirugarren urteurrenean.

Indarrezko neurriak

Poliziaren autoak New Orleansen barrena ibiliko dira gaurdanik, herritarrei hustea nahitanahiezkoa dela oroitarazteko. Horrez gain, Nagin alkateak etxeratze agindua ezarri du, lapurretak saihesteko.

Gainera, AEBetako armadak 5.000 soldadu inguru larrialdi egoeran jarri ditu, Gustav urakana igarotzen denean kaleak patruilatzeko. Hala jakinarazi du Louisianako gobernadore Bobby Jindalek.

Gustav urakana asteartean Louisiana edo auzoko estatu batera iristea espero dute, hiru edo laugarren mailako zikloi baten gisan.

Mexikoko Golkoan sartuko da igandetik aurrera, Kubako uhartetik igaro ondotik, eta, AEBetako Urakanetarako Zentruak adierazi duenez, 2005eko abuztuan Katrina urakanak izan zuen ibilbidearen antzekoa darama Gustav-ek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.