Patxi Urangak, Olatz Lasagabasterrek eta Ainara Vazquezek atxilotuta segitzen dute, Espainiako Poliziaren esku, oraindik ere inkomunikatuta dauzkate. Larunbatean 10:00etatik aurrera Baltasar Garzon epailearen aurretik igaroko dira. TAT Torturaren Aurkako Taldeak gaur salatu du haien konfiantzako medikuei Garzon epailearen torturaren aurkako protokoloa betetzea galarazi dietela orain arte. TATek dioenez, tortura arriskuan daude hirurak.
Protokoloaren arabera, medikuek zortzi orduro bisitatu ahal dituzte atxilotuak, baina azken bi egunotan Uranga, Lasagabaster eta Vazquez bi aldiz soilik ikusteko aukera eduki dute. "Aitzakia ezberdinak jarrita, behin baino gehiagotan ez diete utzi sartzen atxilotuak ikustera, eta bisita asko galdu dituzte. Horrez gain, bisitatzeko aukera izan dutenean, Espainiako Poliziak oztopo ugari jarri die medikuei azterketa behar bezala egiteko. Ez dute errespetatu intimitate eskubidea eta historial medikua egin ahal izateko trabak jarri dizkiete", esan du TATek.
Egoera hori dela-eta, medikuak harremanetan jarri dira Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearekin, gertatutakoa salatzeko eta laguntza eskatzeko.
Poliziak herenegun goizean atzeman zituen Uranga, Lasagabaster eta Vazquez, ETAko talde bat osatzen dutelakoan; Uranga eta Lasagabaster bikotea Usurbilen (Gipuzkoa) atxilotu zituzten eta Vazquez Astigarragan (Gipuzkoa).
Poliziaren arabera, 75 kilo lehergai zeuzkaten. "Badaezpadako operazioa" izan dela azaldu zuen Antonio Camacho Espainiako Estatuko Segurtasun idazkariak. Atxilotuek atentaturik ez dutela egin esan zuen, baina horretarako prest zeudela.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu zuen operazioa.
Uranga, Lasagabaster eta Vazquezek larunbatean deklaratuko dute Garzonen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu