Honakoa da auto horren inguruan 'Berria'-k hilaren 26an plazaratu zuen albistea:
URIA ASKATZEKO ESKAERARI EZEZKOA EMAN DIO DEL OLMOK
Ihes egiteko eta ekinbide judizialak saihesteko arriskua dagoela eta aske geldituz gero «estrategia terroristari laguntza» eman diezaiokeela argudiatu du Auzitegi Nazionaleko epaileak
Iñaki Uria Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko ordezkaria aske uzteko abenduaren 3an haren abokatuek eginiko eskaerari ezezkoa erantzun dio Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Herenegun kaleratu zuen autoan, epaileak argudiatu du Uria aske utziz gero «ihes egiteko eta justiziaren ekinbideak saihesteko arriskua» dagoela. Epailearen arabera, «arrazoi pertsonalengatik edo ekinbide judizialak trabatzea helburu duten aginduengatik» erabaki dezake ihes egitea.Halaber, askatzeak «estrategia terrorista lagundu» dezakeela arrazoitu du Del Olmok, Uriak «Egunkaria proiektua» delakoan ustez betetzen zuen egitekoan jarrai dezakeela, alegia: «Aipaturiko egitekoa betez, ustez delitu diren ekintzak egiten jarrai dezake». Hala ere, Egunkaria behin-behinekoz itxita dagoela-ko bertan ezingo lukeela jardun aitortu du epaileak.Bi argudio horietan oinarriturik erabaki du Juan del Olmo epaileak Iñaki Uriaren badaezpadako espetxealdia luzatzea otsailaren 20az geroztik dago preso. Erabakiari erreforma helegitea aurkezteko epea hiru egunekoa da, eta Uriaren abokatuek bihar bertan aurkeztuko dute helegitea Del Olmoren aurrean. Epaileak erabakia berretsi eta erreforma helegitea atzera botako balu, Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala batek hartu beharko luke aurreko helegitearekin batera aurkeztuko duten dei helegitearen gaineko erabakia. Defentsako abokatuen arabera, hilabete batzuk igaroko dira erabaki hori hartu arte.
Hainbat pertsona ezagunen eskaerari muzin
Iñaki Uria askatzea eskatzeko helegiteari indarra emateko, Euskal Herriko agintari eta pertsona ezagunek hura libre uzteko eskatu zioten Del Olmori. Uria ezagutzen dutela, Euskal Herrian pertsona ezaguna dela eta, ondorioz, behin-behinean aske egonik ez lukeela ihes egingo adierazi zioten, idatzi baten bitartez.
Epailearen arabera, Uriaren onarpen sozial horrek ez dio eragiten erabaki judizialari, «Iñaki Uriari egozten zaizkion delituak direla kausa ETA talde terroristako kide izatea egozten zaio». Ondorioz, idatzi horietan Uriari agertzen zaion elkartasuna «gizalegezkoa» dela baina juridikoki «baliogabea» dela dio epaileak. Batik bat, idatzi horietako asko antzekoak direlako. «Horrek erakusten du, nahiz eta sinatzaileak askotarikoak izan, idatziek jatorri bera dutela», eta, ondorioz, ez dela sinatzaile bakoitzaren berezko ekimena.Bestalde, Iñaki Uria eta Egunkaria auziko gainerako espetxeratuak berdin ez dituela tratatzen nabarmendu dute Uriaren defentsa abokatuek libre uztea eskatzeko. Hain zuzen, Uria izan ezik, gainerako inputatu guztiak behin-behinean aske daudeXabier Alegriak, ordea, espetxean jarraitzen du, Udalbiltza kasuan ere espetxeratua dagoenez ez zuelako ordaindu Del Olmok ezarritako bermea. Del Olmok abokatuari erantzun dio esanez tratua ez dela berbera «inputatu honek [Iñaki Uria] bestelako jokaera eta kargua izan duelako eta bestelako familia egoera duelako».
'Egunkaria' auzia
Uriaren askatasuna ukatzen zuen autoa plazaratu zuen Del Olmok hilaren 24an
Ihes egiteko eta ekinbide judizialak saihesteko arriskua dagoela eta aske geldituz gero «estrategia terroristari laguntza» eman diezaiokeela argudiatu zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu