"Zubiak eraikiko dituen eta paktuaren izpiritua" izango duen Espainiako Gobernu bat nahiko luke EAJk, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez. Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak EAJk PSOE eta Podemos alderdien arteko akordioa babestea salatu du: "Gobernu ahul bat indartzera jolasten ari dira, horrela euren agenda errazago ezarri ahal izateko".
Urkulluk, Llanosi erantzunez, adierazi du PSOE eta Podemosen arteko balizko akordio bat ez dela "oso arrazoizkoa". Gaineratu du gobernu egonkor bat osatzeko ez dela beharrezkoa gehiengo absolutua edukitzea. "PPk gobernatu duen lau urteetan, alderdi horrek ez du egonkortasunik sortu gai askotan: Lomce, lan erreforma, berrordainketa, politika energetikoa edo eskaera sozialak, esaterako".
Urkulluren ustez, egonkortasunak "elkarrizketarako prestutasuna, negoziaziorako gaitasuna eta akordiorako borondatea" eskatzen ditu, eta ez du halakorik erakutsi azken lau urteotan PPk Espainiako Gobernuan. Lehendakariak sortzeko dagoen gobernuari eskatu dio lagun dezala bakean eta bizikidetzan aurrera egiten, euskal autogobernuaren izaera politikoa errespetatu dezala eta hori eguneratzen lagundu dezala, paktuaren izpiritua berreskuratuz.