Urkulluk dio EAJk Ibarretxe gabe ere bide bera segituko duela

2009ko maiatzaren 6a
11:44
Entzun
Juan Jose Ibarretxek (EAJ) atzo esan zion agur politikari, Eusko Legebiltzarrean egindako azkeneko hitzaldian iragarri zuenez, eta Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ziurtatu nahi izan du hura gabe ere bide bera segituko duela alderdiak. Aitortu du bazekiela zer esango zuen Ibarretxek, baina "errespetuagatik" gorde egin zuela berria. Jaurlaritzako lehendakari ohiak gaur utzi du parlamentari akta, eta Peio Iparragirrek edo Pili Garcia Salazak ordezkatuko dute legebiltzarkide gisa.

EAJk orain arte bi buruzagi izan ditu: bata EAJko presidentea eta bestea Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Atzotik, ordea, Jaurlaritzako burua ez da jeltzalea, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia baizik. EAJk ez du Eusko Legebiltzarrean Ibarretxeren ordezkorik izendatuko, Urkulluk gaur Euskadi Irratian esan duenez. "Badugu bozeramailea parlamentuan, Mahaian bi kide ere bai, lurraldeetako koordinatzaileak, 30 legebiltzarkide denera... Espainiako Kongresuko parlamentariekin ere uztartu beharko dugu lana, europarlamentariarekin ere bai. Foru aldundietan diputatu nagusiak ditugu, alkateak udaletan... Dena dela, hemendik aurrera gizartearekin modu zuzenagoan ariko gara".

Erabaki eskubidearen gaia ez du baztertuko EAJk, Urkulluren esanetan, "ez baita Ibarretxeren kontu pertsonala izan hori, EAJrena baizik, eta gero Eusko Legebiltzarrarena berarena".

Oposizioa "erantzukizun osoz" egingo dute jeltzaleek. "30 urtean Euskadin garapen handia izan du, eta horretan segituko dugu".

Haren iritziz, PSE-EEk osatuko duen gobernua ez da sendoa izango, "atzo ez baitzen ikusi programa amankomunik dutenik PPrekin. Izan duten interes bakarra Ibarretxe eta EAJ kentzea izan da. Haien interes orokorra, Espainia da. Lopezek beti Espainiaren aipamena egiten zuen atzo, eta zer pasatuko da inoiz Espainiako Gobernuarekin interes kontrajarriak baditu?".

Lehendakari berriak elkarlana eskaini zion EAJri, baina Urkulluk "koherente" izateko eskatu dio. "PPk eta UPDk eman diote babesa Lopezi, 39 boto jaso zituen. Gainera, martxoaren 1eko gauean bertan nik neuk luzatu nion PSEri eskua. Ez zuen hartu. Orain koherente izan daitezela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.