Urkulluk ez du uste legeztatuko dutenik, "PSEk eta PPk euren akordioa luzatu nahi dutelako"

2010eko azaroaren 30a
13:51
Entzun
PSE-EEk eta PPk EAEn duten akordio luzatzekotan dabiltzala uste duela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gaur goizean, eta horregatik ez duela uste ezker abertzalea legeztatuko dutenik. Bere arabera, PPk PSE-EEri egiten dion baldintzarik gabeko eskaera bakarra ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo uztea da, eta horregatik ETAren edozein adierazpenek ezker abertzalea legeztatzeko ez duela balioko iragarri du.

Urkulluren ustez, PSEk eta PPk Jaurlaritzan duten akordioa udaletxetera eta Foru Aldundietara eraman nahi dute, "baita PSOEren nahiaren kontra ere", eta hori "iruzurra" litzatekeela esan du. Ezker abertzaleak larunbatean iragarri zuen alderdi berriaren estatutuak aurrera pausoa direla aitortu du Urkulluk, "nahiz eta ETAri aipemen zuzenik egin ez zitzaion".

Ezenarro: "Batasunak lehen aldiz esan du biolentzia errefusatzen duela"

Aintzane Ezenarro Aralareko bozeramaileak larunbateko adierazpen hori ezker abertzalea legeztatzeko nahikoa ez dela esatea ez duela ulertzen adierazi du. "Koherentziarik ez du horrek, Batasunak lehen aldiz esan duelako biolentzia errefusatzen duela, nahiz eta ETA ez aipatu". Ezker abertzalearen alderdi berriak legea betetzen badu, aurkeztu beharko lukeela esan du, eta gizarteak erabakiko duela gero hori "etikaren eta moralaren aldetik" nahikoa den.

Ezenarroren ustetan, Batasunak sinesgarritasuna galdu zuen aurreko bi bake prozesuetan, eta oraingoan bere apustua onik ateratzen ez bada, "gehiago" galduko duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.