"133 milioi euro xahutuko dira Bergarako korapiloa egiteko, alegia, hiru kilometroko ibilbidea eraikitzeko. Diru kantitate horrekin zortzi tokiko enplegu plan egin daitezke". Hala baieztatu dute gaur Oskar Matute eta Dani Maeztu legebiltzarkideek. Iñigo Urkullu lehendakariak aktibazio ekonomikoa AHTaren esku utzi duela salatu dute koalizioko kideek: "AHT omen zen herri honen motore ekonomikoa, eta jada 5.000 milioi euro xahutu ostean, erdia ere ez da bukatu". Legebiltzarkideen arabera, "ez da egia" AHTa Madril finantzen dabilenik: "Herritarrok ordaintzen dugun dirutik ateratzen da".
AHTaz gain, langabezia datuak leporatzeko ere aprobetxatu dute tartea. Urkulluk kargua hartuz geroztik 10.000 langabe gehiago daudela salatu dute: "Ez dira gai izan langabeziak bizi duen hazkundea geratzeko". Lehendakariaren politika ekonomikoak "porrot" egin duela uste du koalizioak. "EAJren neurri ekonomikoek ez dute ezertarako balio izan; aitzitik, lagundu egin dute Euskal Herria beste herrialde batzuen pare jartzeko langabeziaren alorrean. Berez, Greziak, Espainiak, Kroaziak eta Txiprek bakarrik dute langabetu kopuru handiagoa".