Urrezko ezteiak

2013ko urriaren 26a
17:48
Entzun

Ospakizun asteburua da hau Ormaiztegiko Irizar kooperatibarentzat. Ostiralean milatik gora lagunek ospatu zuten kooperatibaren sorreraren 50. urteurrena. Ormaiztegi 1860-1970 liburua argitaratu berri dute Zeles Otamendi eta Xabier Irizarrek urteurrenaren karietara. Otamendik azpimarragarritzat jo du 1963an kooperatibari bultzada emateko ekimena orduko jabeen eskutik etorri izana. Hala, Otamendik gogoratu duenez, jabeek kooperatibak zituen abantailez eta mesedeez konbentzitu behar izan zituzten langileak, eta gainera, euren ekarpenak bermatu zituzten.

Horrez gain, Otamendik nabarmendu du Irizar Ormaiztegiko enpresa zaharrena dela eta gaineratu du kooperatiba batzuk krisian dauden garaian emaitza bikainak lortzen ari dela. «Gainera, datorren urtean 125 urte beteko dira irizartarrak karrozeriagile lanetan hasi zirenetik».

Baina, zorionez, Irizarrena ez da kasu isolatua. Mondragon taldean ere bat baino gehiago dira aurten 50 urte bete eta, krisi ekonomikoaren garaia izan arren, datu onak dituzten konpainiak. Horietako bat da, esaterako, Orona kooperatiba. Joan den irailean omendu zituen konpainiaren hamazazpi sortzaileak, Hernaniko Galarretan eraikitzen ari diren Orona Ideo egoitza nagusian. Sorrerako kooperatibistek «amets egiteko, hartan sinesteko ea proiektu bat hazteko erakutsitako gaitasuna» aitortu zioten egungo Oronako ordezkariek. Mondragon taldeko kooperatibak 569,1 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, 2011n baino %2,3 gehiago. Hamar herrialdetan dauzka zentroak, eta guztira, 4.000 langiletik gorak dihardute enpresan. Jadanik 250.000 igogailu jarri ditu munduan, ehun herrialde baino gehiagotan.

Fagor Ederlan kooperatiban ere ospakizun urtea izan da aurtengoa. Hain zuzen, konpainiako 40 kidek Ederlantzen abestia eta bideoklipa aurkeztu zuten joan den udan. Mende erdiko lan jarduna ospatzeko «modu original, dibertigarri eta kohesionatzailea» aukeratu zuten. Automozioan liderra da Fagor Ederlan eta Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten, Usurbilen Tafallan eta Txinan ditu produkzio plantak. Iaz 681 miloi euroko salmentak izan zituen, eta aurten beherakada bat espero du, 662 milioi euroetaraino. Hala ere, kooperatiban lanean ari diren lagun kopuruak gora egingo du aurten: 2012an 3.573 lanpostu zituen Fagor Ederlanek, eta aurtengo urtea amaitu orduko 3.625ra iristea espero. Bestalde, iazko inbertsio mailari eutsiko dio aurten ere: 42 milioi euro.

Egoitza Igorren duen Mondragon taldeko Batz automozio kooperatibak ere 50 urte bete diru aurten, eta etorkizun oparoa duela baieztatzen dute bere datuek. Hamalau planta ditu munduan zehar: Euskal Herrian, Brasilen, Txinan, Mexikon, Txekiar Errepublikan eta Alemanian. Guztira 1.430 zuzeneko lanpostu ditu, eta iaz 220 milioi eurotik gorako salmentak lortu zituen. 

Gainera, Batzek kontratuak berritu berri ditu bere bi bezero nagusiekin: General Motorsekin eta Volkswagenekin. Bestalde, Jaguar, BMV eta Volvo markentzat estanpatze tresneria egiteko «esleipen garrantzitsuak» lortu ditu, 30 milioi euroko baliokoak. Aldi berean, gainera, bere jarduera energia berriztagarrien sektorean dibertsifikatzen jarraitzen du: iaz, esaterako, produkzio planta berri bat zabaldu zuen Las Vegasen (Nevada, AEB).

50. urte bete dituen beste kooperatibetako bat Aretxabaletako Copreci izan da, Mondragon taldekoa hori ere. 1963an 40 lagunek sortutako kooperatibak 1.400 langile ditu egun munduko zazpi herrialdetan. Elektrotresnentzako osagai fabrikatzaile nagusienetakoa da munduan. Mondragon taldeak atzerrian zabaldu zuen lehen planta Coprecik ireki zuen, 1989an, Mexikon. Teknologiaren aldeko apustu sendoa du, eta 280tik gora patenteren jabea da. Krisia hasi zenetik, gainera, 70 lanpostu berri sortu ditu Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.