Gaur arratsaldean eramango dute epailearen aitzinera. Indarkeria sexista dela salatu dute. Kutun taldeak elkarretaratze batera deitu du ostiralean, 19:00etan, Arruntzako plazan Uztaritzen.
Uztaritzen (Lapurdi) gertatu hilketaren susmagarri nagusia, 38 urteko gizona, oraindik ere galdekatzen ari dira jendarmeak. Gaur, 13:00etan bururatuko da haren atxiloaldia. Hau da, Bokalen atxilotu eta 48 ordura. Ondoren, instrukzio epailearen esku utziko du Marc Mariee Baionako prokuradoreak.
Susmagarri nagusia akusaziopean ezarriko duela ez zuen dudan ematen prokuradoreak atzo, baina zertaz akusatuko duen gaur arratsaldean duela iragarriko zehaztu. 15:00etan eskaintzekoa du prentsaurrekoa. Iduriz, gertakariak ez ditu ukatzen susmagarriak, baina prokuradoreak ez zuen xehetasunik eman nahi izan. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak igandean errana berretsi zuen Marieek atzo.
Hildakoaren etxean susmagarri nagusiaren aztarnak aurkitu zituzten. Aurrekariak ditu lapurreta eta suntsiketagatik. Hortik haren aztarnen fitxaketa. Azken zigorra agorrilekoa zuen. Hiru hilabeteko baldintzapeko presondegi zigorrera kondenatu zuten. Baldintzetako bat bere burua artatzea zuen. Baionako erietxeak egiten zion jarraipena. Izan ere, «iragan psikiatriko handia» daukala azaldu zuen Vuelta Simonek. Arazo horiengatik erietxera eramana izan dute bi aldiz. Orain arte nehoiz ez zuten atxilotu «bortizkeria edo sexu izaera delitu batengatik», gaineratu zuen Vuelta Simonek.
Asteazken gauean agertu zen hilik Melodie Masse; 23 urte zituen, eta haurdunaldiko zortzigarren hilabetean zen. Ohean, zangoak eta eskuak lotuak, begitartea hantua, begiak tapaturik eta ahoa aho zintaz tapatua. Itoa hil zen. Autopsiak erakutsi du hil aitzin bortxatu egin zutela.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria sexistaren aurkako protokoloa martxan jarri zuen, eta mobilizazioak egin zituen atzo arratsean Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Indarkeria matxistak hiru biktima eragin ditu aurten Euskal Herrian, eta beste bi euskal herritar hil dituzte Espainian.
Baionan, berriz, bortizkeria sexisten aurkako Zutik kolektibo feministak agiri batean aholkatu du «informazio gehiago lortu arte itxarotea». Senideei begira, sostengu osoa helarazi diete, eta gaineratu dute ez dagoela «urgentziarik», ehorzketak ez direla oraindik iraganak. Susmagarria etxe finkorik gabea dela iragarria zuenez prokuradoreak, egoera horretan daudenen buruko eritasunaren jarraipena egiteko dauden zailtasunen azterketa sakona eskatu zuten. «Funtsezkoa da buruko eritasunak ez estigmatizatzea», gehitu dute.
Kutun elkarteak berriz jakinarazi du ostiralean antolatu elkarretaratzearen bidez (Arruntza plazan, Uztaritzen, 19:00etan) salaketa plazaratu nahi duela ez delako, taldearen erranetan, “Gertakari arrunta, traumatismo kolektiboa sortu duen eraso matxista hiltzailea baizik”. Hain zuzen, herrian berean azkarki sentitzen dute aipatu “traumatismo” hori eta salaketaz gain, herritar anitzek elkarretaratzeko duten beharrari ihardetsi nahi dio Uztaritzeko Kutun taldeak hitzordu honen bidez.