Xabier Arina euskal presoak funtzionario baten bultzakadak, mehatxuak eta irainak jaso dituela salatu du Etxerat-ek

2012ko martxoaren 9a
16:24
Entzun

Etxerat euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak salatu du Xabier Arina Burlatako (Nafarroa) presoak arazoak izan zituela herenegun funtzionario batekin. Valdemoroko espetxean aurkitzen da preso.

Etxerat-ek jakinarazi duenez, aurrez aurrezko bisita familiarra izan ondoren, senideek paketean sartutako efektu batzuk atxikitzeagatik eztabaida izan zuen Arinak funtzionarioarekin eta bere eskubideen errespetua aldarrikatzen ari zelarik, "funtzionarioa berotzen hasi zen eta oso urduri jarri zen". Orduan, Arina gela batean sartu zuen. Bertan "bultzakadak, mehatxuak eta irainak" jasan behar izan zituela esan du Etxerat-ek; "funtzionarioaren jarrera oso bortitza izan zen". Azkenean bigarren funtzionario batek lasaitu behar izan zuen bere onetik aterata zegoen funtzionarioa.

Etxerat-ek gogoratu du Arinak otsailaren hasieran funtzionarioen eta Guardia Zibilaren erasoak jasan zituela; "Probokazioak behin eta berriz errepikatzen dira eta honek presoa etengabeko tentsioan bizitzea eragiten du", azaldu du elkarteak.

Bestalde, Etxerat-ek aipatu du gaur Valdemoro espetxean borrokaldia burutuko dutela bertan aurkitzen diren euskal preso politikoek: "Instantzian salaketak jarriko dituzte, espetxeko janariari uko egingo diote eta 24 orduko itxialdia burutuko dute". Hainbat espetxetan izandako erasoak eta dispertsio politikaren ondorioz otsailean gertatutako istripuak salatu nahi dituzte. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.