Hitzarmena osorik martxan jartzea, hori da gatazka amaitzeko baldintza, ELAko ordezkari Xabier Irastorzaren esanetan. Ez du ontzat jo LABek ikastoletan sinatutako akordioa. Lan hitzarmena osorik bete behar dela dio, eta gero bideratuko dela zorra.
Kristau Eskolarekiko harremanak nola daude?
Elkartzen aritu gara orain arte, baina negoziazioa erabat blokeatuta dago. Sindikatuok hainbat proposamen jarri ditugu mahai gainean, baina patronalak inola ere ez du hartu nahi guretzat funtsezkoa den elementu bat: lan hitzarmena berreskuratzea. Lehenengo, [Espainiako] estatuko hitzarmenera joan zen; orain EAEkora itzuli nahi du, baina soldatak murriztuta. Gu prest gaude, hitzarmena osorik berreskuratzen den heinean, orain arte zor zaigunaren ordainketa beste era batean banatzeko denboran. Hori ez du onartzen patronalak.
Desadostasun nagusia hor dago? Hitzarmena berreskuratu bitartean ez dago negoziaziorik?
Noski. Patronalak jokatzen du lan harremanetan funtsezkoa den elementu batekin. Lan hitzarmenak arautzen ditu eskubideak eta lan baldintzak. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren menpe jarri nahi du patronalak: finantzaketarik ez dagoen heinean, uko egiten dio hitzarmena osotasunean berreskuratzeari.
LAB bereizi egin da. Zer gertatu da?
Ikastoletan sinatutako akordioari eman nahi dio babesa. Ikastoletan akordioa sinatuta, LABi jasanezina egin zaio —besteak beste patronalak ere aurpegiratu diolako gatazka honetan gehiago aldarrikatzen ari zela, ikastoletan askoz gutxiagorekin sinatuta—. Urtarrilaren 16ko proposamenean egon zen LAB, eta 29koan, ez. Eta ez ziren hain desberdinak; areago, planteamendu posibilistagoa zeukan bigarrenak.
LABek dio ikuspegi ekonomizista hutsa daukazuela beste sindikatuek.
Sindikatu bati esatea hitzarmena osorik defendatzea planteamendu ekonomizista dela... LABek hausnarketa hori zabaldu du zerbitzu publiko guztietara? Sindikatuok, noski, egiten ditugu osagai ekonomikoa duten aldarrikapenak. Bestela, zer negoziatuko genuke, besteak beste? Gure proposamenaren lehen puntua da ituna berreskuratzea: taulak, parte hartzea, kaleratuei postu bat ematea... LABek ikastoletan soldatak bigarren mailan utzi ditu. Ekonomizista da aurkako posizioa? Soldatak defendatu nahi ditugu. Irakaskuntza publikoan eskatzen dugunean murrizketak atzera botatzeko, posizio ekonomizista da?
Kristau Eskolak dio eskolen bideragarritasuna kolokan legokeela orain guztia ordainduta...
Ikastetxeen bideragarritasuna ez dago soldataren %3 pagatzeari lotuta. Hori ez dugu onartzen. Xantaia hutsa da. Ikastetxeen bideragarritasuna, ziurrenik, lotuta dago Jaurlaritzak ematen duen finantzaketa eskasari, matrikulazioari eta eskolen kudeaketari. Kristau Eskola jartzeko prest dagoen diruarekin gure proposamenari erantzun dakioke, beste modu batera kudeatuz.
Haien planteamendua da hitzarmena finantzaketa publikoari lotzea: finantzaketarik ez dagoen arte, soldata murriztuak ordainduko dira, eta finantzaketa publikoa dagoenean pagatuko dute zorra. Baina horrela ez da bermatzen hitzarmena betetzea, Jaurlaritzaren menpe egongo baita. Gure proposamena da alderantziz egitea: patronala jartzeko prest dagoen diruarekin ordaintzea soldatak, osorik, ituna abiaraztea, eta zorra ondoren ordaintzea. Eragin ekonomiko bera du.
Badirudi finantzaketa handitzeko prest dagoela Jaurlaritza hezkuntza lege berriarekin...
Behin eta berriro esan diogu ezin dugula onartu murrizketa politika. Ez du justifikaziorik. Gainera, hezkuntza, edozein kasutan, babestu beharrekoa da, publikoa eta itunpekoa. Baina gu ez gara ari hitz egiten finantzaketari buruz bakarrik. Beste hainbat gauza ere eztabaidatu nahi dugu: nolakoa den itunpekoen gaineko kontrol publikoa, kontratazioa, kaleratzeak, ordezkapenak... Horren inguruko eztabaida ere ireki nahi dugu. Ezin da izan Jaurlaritzak txeke zuri baten truke patronalei ematen dien diru bat. Espero dezagun horri buruz ere hitz egingo dela Heziberri 2020ren barruan.