YANN DESJEUX Angeluko militar ohia

2013ko urtarrilaren 18a
22:46
Entzun

YANN DESJEUX

Angeluko militar ohia
MIKEL RODRIGUEZ

Atzo goizean mintzatu zen Frantziako Sud Ouest egunkaria Yann Desjeuxekin, Aljeriako In Amenas gas ustiategian ehunka lagunekin batera bahitutako lapurtarrarekin. Bahitzaileen aldetik tratu ona jaso zutela adierazi zuen Desjeuxek, eta asteazkenean ekintzaile islamistek ustiategia hartu zutenean gertatutako tiroketan ez zela zauritu berretsi zuen. Bahiketa goizeko seiak baino lehen gertatu zela jakinarazi zuen Desjeuxek. Bederatzi herrialdetako bertze 34 bahiturekin batera zegoela kontatu zuen, eta bertze sei gatibu aparte zeuzkatela. «Bahitzaileek Frantziari eskatu diote Aljeriarekin hitz egin dezala ustiategiari eraso ez diezaion», azaldu zion lapurtarrak Sud Ouest-i. Adierazpen horiek, hain zuzen, Aljeriako armadak ustiategiari eraso baino lehen egin zituen Desjeuxek, eta eguna bukatzerako haren egoera ez zegoen argi.

Desjeuxek 52 urte ditu, eta Angelukoa da —bitxikeria modura, aipatu Angeluk elkarlanerako harremanak sinatuta dituela Azawadeko gatazkan Frantziak bonbardatutako Konna hiriarekin—. Frantziako armadako soldadu izandakoa da Desjeux, eta bertze bi militar ohirekin jatetxe bat dauka bere jaioterrian, La Mouche qui louche izenekoa. Iaz ireki zuten, Urrezko hareen hondartzaren ondoan. Bi bazkideek Sud Ouest-i adierazi diotenez, atzo eguerdira arte Desjeuxekin harremanetan egon ziren, baina bahitzaileek ordenagailu eramangarria kendu zioten, eta ez zuten haren berri gehiago jaso. Angeluarraren «armetako anaia» gisa aurkeztu dute euren burua bi militar ohiek.

In Amenasko gas ustiategian Desjeuxen egitekoa zein den ez dago argi, informazio kontraerrankorra argitaratu baita. Hasiera batean, Frantziako CIS catering enpresarentzat lanean ari zela zabaldu zen. Enpresa hori arduratzen da gas ustiategiko hotelaz eta jantokiaz. CISek, ordea, ukatu egin du Desjeux enpresako langilea denik, eta zehaztu du In Amenasen soilik Aljeriako langileak dauzkala.

CISen oharraren ondoren, Sud Ouest-ek Desjeuxi buruzko informazio gehiago argitaratu zuen: Saharara bakarrik joan dela, eta «misio zailetara» ohituta dagoela, iraganean ere Afrikako hainbat petrolio ustiategietan jardun zuelako.

Desjeuxen egoera zein den ez dago argi; bahitzaileek bizirik ateratakoen inguruan emandako zerrendan, ez zuten Frantziako herritartasuna zuen inor aipatu. Aljeriako hedabideetan, ordea, «frantziar bat» bizirik zegoela argitaratu zuten, informazioa gehiago zehaztu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.