Yemengo huthien hegazkinak eta komunikazio zentroak hartu ditu jomugan Saudi Arabiak

2015eko martxoaren 29a
14:03
Entzun

Ez dira eten huthien eta Yemengo presidentearen aldekoen arteko erasoak. Hainbat berri iturrien arabera, gutxienez, 23 matxino hil dira azken orduetan. Batik bat, Yemengo hego-ekialdean ari dira borrokan. Halaber, azken orduetan Yemengo armadako  26 soldadu hil dituzte koalizioaren bonbardaketek.

Yemengo huthien hegazkinak eta komunikazio zentroak hartu ditu jomugan Saudi Arabiak gidatutako koalizioak bonbardaketetan. Ahmed al-Asiri Saudi Arabiako jeneralak eta koalizioko bozeramaileak esan duenez, huthien hegazkin eta komunikazio zentro «ia guztiak» suntsitu dituzte. «Egunez egun ahulago daude». Horrez gain, bonbardaketa baten ostean 428 presok ihes egin dute Saada probintziako espetxe batetik. Huthien gotorlekua da Saada.

Koalizioko bozeramaileak ez du zehaztu noiz arte iraungo duen erasoaldiak, ezta lurreko operaziorik egongo ote den. «Operazioak aztertu egin behar dira lehenik. Behar den garaian erabakiko dugu». Jeneralaren arabera, huthiek oraindik arma biltegi ugari dituzte, eta horiek indargabetu arte jarraituko dute aire erasoekin.

Bestalde, Saudi Arabiako itsas armadak kostaldeko Aden hiritik atera ditu nazioarteko 86 diplomatiko, tartean Saudi Arabiakoak. Adengo egoera anabasa da. Aginterik ez dago hirian, eta armadaren biltegiak arpilatu dituzte. Matxino huthiek inguratuta dute hiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.