ETAren su-eten iraunkorrak zabaldutako egoera berrian aurrera egiteko, burujabetzaren aldeko indarren batasuna behar dela iritzi dio Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. Bide horretan normalizazio politikorako mahaia eratzea ezinbestekoa eta lehentasunezkoa dela azpimarratu du, lehenbailehen abian jarri beharrekoa. Mahaiaren edo mahaien eratzeak ETAren su-eten iraunkorra "atzeraezina" bihurtuko lukeela nabarmendu du. Bestealde, Madrilek ez duela inoiz burujabetza "emango" uste du Aralarreko koordinatzaileak, baizik eta euskal herritarrek "irabazi" beharko dutela.
"Madrilek burujabetza ez digu inoiz emango; eukal herritarrek irabazi behar dugu. Burujabetza erabakitzeko eskubidea da, eta errealismoak agintzen digu abiadura desberdinak izango dituela lurralde eremu diferenteetan, indar harreman diferenteen ondorioz. Erabaki eremu desberdinak egongo dira, eta ezker abertzaleak zein zentro-eskuin abertzaleak prestatuta egon behar du zabalduko zaizkigun aukera berri horietarako", adierazi du Radio Euskadin egin ditoen elkarrizketan.
Ildo horretatik, une honetan premiazkoa iruditzen zaio Zabaletari lehenbailehen normalizazio politikorako mahaiak abian jartzea; Espainiako Gobernuak eta beste zenbait sektorek arlo horretan lasaitasuna eskatu arren, Aralarreko buruak ez du atzeratzeko arrazoirik ikusten. Areago, ETAren su-eten iraunkorra "atzeraezin" bihurtzeko bidea dela iruditzen zaio. "Orain alde bakarrak emandako su-eten bat daukagu, iraunkorra, eta agerian behintzat ordain politikorik gabekoa. Aurrerapausu garrantzitsua da. Baina lortu behar dena da egoer ahori atzeraezin bihurtzea, eta horretarako beharrezkoa da normalizazio politikorako mahaia eratzea". ETAren su-eten ematearen oinarrian ez dagoela Downing Streeteko akordiorik, edo Ostiral Santuko itunik, ez Lizarra-Garaziko hitzarmenik nabarmendu du.
Zabaletaren arabera, mahaien osaketaren eta akordio politikoen bidez berriro armetara itzultzeko tentazioa izan dezateketenen argudioak hutsean geratuko lirateke: "Egoera politiko horretan batzuen aurka eman ditzateken argudio politikoak ez lirateke existituko —ez dezagun ahaztu ETAn militatu duen orok arrazoi politiko hutsengatik militatu duela—. Horregatik da hain garrantzitsua mahai hori osatzea; inportantea eta premiatsua. Egoera honen analisian bat gatoz ELArekin, indar subiranisten batasuna bultzatzeko. Ez dugu inor baztertu behar, baina lehen urratsak guk eman behar ditugu".
Zabaleta: "Madrilek ez digu burujabetza inoiz emango; euskal herritarrek irabazi behar dugu"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu