Zaborrak atez ate biltzen hasiko dira hilaren 21ean Legorretan, Itsasondon eta Zaldibian

2013ko martxoaren 7a
17:49
Entzun

Martxoaren 21etik aurrera Legorretan, Itsasondon eta Zaldibian hondakinak atez ate bilduko dituztela jakinarazi dute Sasietako Mankomunitateko presidente Azeari Andonegik, Legorretako alkate Bakartxo Mendezek, Zaldibiako alkate Joxan Etxabek eta Itsasondoko alkate Axier Garrok.

"Goierrin asko aurreratu dugu azken urteetan, eta batez beste %39 inguru birtziklatzera igaro gara denbora gutxian, baina bide horretan aurrera egiteko beste urrats bat egiteko garaia iritsi da. Eta, herritarrei esker, posible izango da urrats hori irmo bezain gogotsu ematea", adierazi dute. Gaineratu dute arrakastarik handiena izan duen bilketa sistema dela atez atekoa eta horregatik aukeratu dutela sistema hori.

Hilaren 21ean hondakinak biltzeko sistema berria martxan jartzeko, beharrezko materiala banatuko dute herriz herri martxoaren 9tik 20ra bitartean. Edukiontziak, poltsa konpostagarriak eta hondakinak ongi bereizteko gida banatuko dizkiete herritarrei. Horrez gain, landa eremuetako bizilagunei bilketa gune komunitarioa erabiltzeko txartel elektronikoak ere emango dizkiete.

Bestalde, atzo hasi ziren atez ateko sistema erabiltzeko zintzilikarioak jartzen Astigarragan. Udaberrirako Villabonan, Zizurkilen, Anoetan, Iruran, Alegian, Lezon, Seguran eta Oñatin ere jarriko dute bilketa sistema hori. Horrez gain, birziklatze tasa %60ra iristeko, Donostian 'Let's Go%' kanpaina jarriko dute martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.