Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak ETAren adierazpena ezagutu eta ordubetera hitz egin zuen atzo hedabideen aurrean. Pozik agertu zen Zapatero, baina biktimak izan zituen gogoan: "Pozik, baina minaren oroitzapenarekin". Min horrek inoiz ez zuela izan behar esan zuen, eta "inoiz ez dela itzuliko.
Zapaterok esan zuen Espainiako gizartearen jarrerari esker iritsi dela une hau, eta "elkarbizitza modelo posible bakarra" Estatu zuzenbidearena dela gaineratu zuen. "Ez da terrorismorik izango, baina bai memoria. Biktimak beti izango dira gurekin eta hurrengo belaunaldiekin".
Agerraldiaren hasieran eskerrak eman zizkien Zapaterok Espainiako segurtasun indarrei eta Justiziari. Bereziki Frantziaren laguntza eta babesa eskertu zituen Espainiako presidenteak, eta esan zuen Sarkozy erabakigarria izan dela eta aitortza hori egin nahi izan zion.
Euskal gizartearentzat ere hitzak izan zituen Zapaterok: "Hemendik aurrera azkenean elkarbizitzaz gozatuko du, erabat aske, bakean". Alderdi demokratikoen batasuna ere eskertu zuen, eta "etapa berria" bideratzea datorren gobernu eta parlamentuari egokituko zaioela esan zuen.
Agerraldia galderak egiteko aukerarik gabe amaitu zuen.
Mariano Raxoi (PP): "Albiste handia da"
Mariano Raxoi Espainiako PPko presidenteak esan zuen albiste handia dela ETAren iragarpena, baina gaineratu zuen "lasaitasun erabatekoa" ETA "behin betiko, erabat, desagertzen denean" iritsiko dela. Albistea gizarte osoari zor zaiola gaineratu zuen, eta "trukean ezer ordaindu gabe" lortu dutela azpimarratu du.
Raxoik ere Espainiako segurtasun indarren lana eskertu zuen eta elkartasuna adierazi zien biktimei. Aurrerantzean bide bakarra legearen babesean dagoena dela gaineratu zuen.