Zapatero Ibarretxe "konbentzitzen" saiatuko da "galdeketa egin ez dezan"

2007ko urriaren 4a
18:50
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak hilaren 16an hartuko du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria honen proposamenaz hitz egiteko, eta "galdeketa egin ez dezan konbentzitzen" saiatuko dela esan du gaur T5 telebista katean egin dioten elkarrizketan. "Galdeketa ezin duela egin esango diot Ibarretxeri, eta ez duela egingo".

Jaurlaritzaren lehendakariak ekainera bitartean akordioa lortu nahi du Espainiako Gobernuarekin indarkeriaren bazterketaz eta erabaki eskubieaz, lehengo ostiralean Eusko Legebiltzarrean iragarri zuenez, eta Zapaterok eta biek bilera egingo dute aurki Madrilen, Moncloan.

"Nire eginkizuna da hura hartzea", adierazi du Zapaterok, "azaro serioa dugulako". Ibarretxek galdeketa ezin duela antolatu ziurtatu du Gobernuaren presidenteak, "iragarri, iragarri duen arren. Baina hemen arazoa ez dauka Gobernuak, legeak bete egiten dituelako. Ibarretxek dauka arazoa, legea ez betetzeagatik".

Horren aurrean "erantzukizunez" jokatu behar dela iritzi dio, "eta ez arazoak areagotuz". Ibarretxek kontsultaren formulazioa lehen aldiz duela zazpi urte egin zuela gogoratu du Zapaterok, PP zegoenean Espainiako Gobernuan, "baina ez du inoiz gauzatu".

Lehengo ostegunean Zapatero "saiatu" zen lehendakariaren asmoen berri jakiten, baina ez zuela lortu adierazi du. "Beraz, ez nekien hori iragarriko zuenik".

ETArekin hitz egiteko "aukerarik ez"

2004ko martxoan Espainiako Gobernura iritsi zenean "bakea lortzeko prozesua" hastea erabaki zuela esan du Zapaterok, ETArekin hitz eginez, "gaizki irten du, baina denborak esango du merezi zuen".

Orain berriro ETArekin hitz egiteko "aukerarik ez" dagoela ziurtatu du, "eta ETAk egin beharreko gauza bakarra, armak uztea da, bai baitaki ez duela armen bidez lorpen politikorik izango". Erakunde armatuak "agonia" biziko duela uste du, "baina oraindik sufriarazi egin gaitzake".

Imazen erabakia

Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidenteak politika uzteko erabakia hartu izana "disgustua" izan da Zapaterorentzat, "elkarrizketaren aldekoa eta eraikitzailea delako hura". Gainera, "pertsonalki harreman ona" dutela esan du. Hala ere, EAJ barruko kontuekin "errespetua" izan behar dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.