"Indarkeria erabiltzen edo babesten duenak edo haren aurrean koldarkeriaz isiltzen denak ez du lekurik joko demokratikoan. Arauak errespetatzen dituztenek baino ez dute lekurik". Hala esan du gaur eguerdian Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Donostian, Kursaalen, EAE-ANVren eta EHAKren jarduera politikoen eteteaz. "Demokrazian ideiek eta hitzek baino ez dute balio".
PSE-EEk bake prozesuan berari emandako babesa eskertu du Zapaterok, eta ETAri egotzi dio prozesuaren porrota. "Hala ere, indarkeriaren bukaera ez dago urrutiago, gertuago baizik".
Zapateroren bisita zela-eta, ezker abertzaleko hainbat kidek Kursaal aurrean elkarretaratzea egin nahi izan dute, independentziaren alde eta Espainiako Estatuaren "errepresioaren" kontra, baina Ertzaintzak beste kale batera bidali ditu. Ertzainak, gainera, oldartu egin zaizkie eta lagun batzuk identifikatu egin ditu.
Ezker abertzaleak gaur 17:30ean Donostian manifestazioa egingo du.
Bilbon ere liskarrak
Bilbon ere, Santutxu auzoan, liskar batzuk izan dira Ertzaintzaren eta ezker abertzaleko kide batzuen artean. Hauek elkarretaratzea egin dute, eta ertzainak azaldu dira. Poliziek esan dutenez, ezker abertzalekoak identifikatzera joan direnean, hauek objektuak bota dizkiete, eta Ertzaintza oldartu egin zaie orduan.
Hiru lagun zauritu egin dira, eta Basurtuko (Bizkaia) erietxera eraman dituzte.
Zapatero: "Indarkeria babesten duenak edo haren aurrean isiltzen denak ez du lekurik joko demokratikoan"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu