Espainiako hauteskundeak azaroaren 20an izango direla eta, gaur du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak azkeneko saioa Kongresuan, eta agurrean Josu Erkoreka EAJko bozeramaileari eskerrak emateko baliatu du, "EAJk legealdi honetan arduraz jokatu duelako PSOErekin eta exekutiboarekin".
EAJk hainbat aldiz babestu izan du Zapateroren gobernua: aurrekontu orokorretan, lege garrantzitsuetan, lan erreforman, krisi ekonomikoaren aurkako neurrietan...
Erkorerak "onena" opatu dio hari, eta autonomien gaia atera dio, "zentralismoa" indartu nahi dutelakoan. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiak eta Mariano Raxoi PPkoak duten ikuspegiarekin kezkatuta azaldu da. "Krisia baliatuta, eskumenak berreskuratu nahi ditu gobernuak, diputazioak kentzea aipatzen da, hirigintza ere berriro eskuratzea. Autogobernuaren lirikarako garai txarrak dira"; EAJko parlamentariaren arabera.
Zapaterok erantzun dio Espainian 1978tik ari direla estatuaren deszentralizazioaz hitz egiten, "hori baita Konstituzioaren gairik zailenetakoa".