Abenduaren 30eko Barajasko atentatua aztertzeko eta aurrera begirako estrategiaz hitz egiteko, Espainiako Gobernua Madrilgo Kongresuko alderdi denekin biltzen hasi da, Kongresuan bertan. Gaur eta bihar egingo ditu, hain zuzen, bilera horiek. "Oinarri jakinen gainean estrategia bateratua partekatzeko eta diseinatzeko, eta atentatuaren osteko egoerara egokitzeko” egingo ditu bilerak Gobernuak, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan duenez.
Taldeak handienetik txikienera hartuko ditu, eta aurrena hartzen PP izan da, Eduardo Zaplana PPren Kongresuko bozeramailea. "Gobernuari esan diogu -adierazi du Zaplanak- gustatuko litzaigukeela entzutea terroristekin elkarrizketak bukatu dituela eta legea eskuan hartuta egingo duela borroka haiekin".
CiU, ERC, EAJ, IU-ICV eta CHA ere gaur hartzeko asmoa du. Bihar, EA, BNG, Nafarroa Bai, CC-NC eta PSOE.
Gobernuak zer estrategia proposatuko duen ez du aurreratu Rubalcabak eta horretaz inorekin eztabaidan ez dela hasiko esan du. ETAren aurkako estrategia berria, PPrekin ez ezik, “beste alderdi politikoekin ere” hitzartu nahi du Espainiako Gobernuak. Izan ere, alderdiak elkarrekin aritzea “beharrezkoa” da. “Herritarrek elkarrekin ikusi nahi gaituzte”, adierazi du Rubalcabak.
Atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea, Mariano Raxoi PPko buruarekin bildu zen Moncloan, Zapaterok berak “premiaz” deitu ondoren, eta ez ziren adostasunera iritsi. Gobernuburuak, Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak esan zuenez, ETAren kontra alderdien batasuna lortu behar dela esan zion Raxoiri, eta “batasun" horrekin bat egiteko eskatu zion.
Raxoik, baina, ETAren aurkako estrategia argirik ez izatea egotzi zion Zapaterori. PPko buruak esan zuen bileratik Gobernuak ETAren aurka zer egiteko asmoa duen argitu gabe atera zela. PPren proposamena, Terrorismoaren Kontrako Hitzarmenera itzultzea dela berretsi zuen.
Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiak jakinarazi duenez, Zapaterok alderdietako buru denak hartuko ditu, banan-banan, Moncloan. Haiekin azkeneko aldiz ETAk iazko martxoaren 22an su-eten iraunkorra eman zuenean bildu zen.
Zaplana: "Gustatuko litzaiguke Gobernuari entzutea terroristekin elkarrizketak bukatu dituela"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu