• 2009ko maiatzaren 21a. Krisi garaiko lehen greba orokorra, ekonomia hondoratzen ari zela. «Beste eredu sozioekonomiko bat» eskatu zuten ELAk, LABek eta harekin batera gehiengo sindikala osatzen zutenek. Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratu eta gutxira egin zenez, izan zuen interpretazio politikorik ere.
• 2010eko ekainaren 29a. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indarrean jarri nahi zuen lan merkatuaren erreformaren aurkako greba izan zen. Bi deialdi izan ziren, ELAk, LABek eta, oro har, sindikatu abertzaleek egindakoa, batetik, eta CCOOk eta UGTk egindakoa, bestetik.
• 2010eko irailaren 29a. Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa hura ere. Hego Euskal Herrian CCOOk, UGTk eta beste talde txikiagoek soilik deitu zuten, eta Nafarroan eta Araban izan zuen eragin handiena.
• 2011ko urtarrilaren 27a. PSOEren gobernuak pentsio sistema erreformatzeari ekin zion, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko. Erreforma geraraztea izan zen grebaren helburua. Gehiengo sindikalak deitu zuen, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk, haiek adostu zutelako erreforma Madrilgo gobernuarekin.
• 2012ko martxoaren 29a. Azken urteotan egindako greben artean erantzunik handienekoa izan zen, Espainiako Gobernuak onartu berri zuen lan merkatuaren erreformaren aurkakoa. ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiagoek deitu zuten grebara Hego Euskal Herrian, eta ondoren batu ziren CCOO, UGT eta beste batzuk ere, Espainiarako deialdia egin zenean. Industrian eta sektore publikoan ez ezik, merkataritzan ere oso erantzun handia izan zuen Hego Euskal Herri osoan, eta manifestazio jendetsuak izan ziren. Xuban Nafarrate gaztea zauritu zuten greba izan zen.
• 2012ko irailaren 26a. Murrizketen aurkako grebara deitu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek. Ez zuen martxoko erantzunik izan, baina manifestazio jendetsuak izan ziren hiriburuetan. Espainiako Polizia oso gogor oldartu zitzaien Iruñeko manifestariei, eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua jo zuen.
• 2012ko azaroaren 14a. Azkeneko greba, Goi Bilera Sozialak (CCOO, UGT, LSB-USO eta gizarte talde batzuek) deitutakoa, eta ESK, CNT eta CGTren sostengua izan zuena. Horrelako kasuetangertatu ohi denez, Nafarroan izan zuen eraginik handiena, Erriberan batik bat.