Zer dira ate errotak?
Mundu anglosaxoitik dator revolving door kontzeptua. Korporazio pribatu handietako buruak politikara edo, alderantziz, kargudun publiko izandakoak enpresa handietara aldatzen direnean erabiltzen dute. Kontzeptuak, estu hartuta, adierazi nahi du gai jakin batean legeen egilea izan den pertsona, ondoren edo aurretik, lege horien onurez baliatu dela —adibidez, energiaren sektorea arautu duen politikari bat energiaren sektoreko enpresa batera pasatzen denean—.
Nolakoak dira hemen ate errotak?
Hego Euskal Herrian, 1980ko hamarkadan hasi ziren antolatzen instituzio demokratikoak. Urte haietan enpresa munduko hainbat jenderengana jo zuten alderdiek, kargu publikoak har zitzaten. Azkeneko urteotan, joera hori mantentzen bada ere, nabarmen handitu da alderantzizko bidea egiten dutenen kopurua: bizitzaren parte handiena politika instituzionalean egin eta gero, enpresa mundura pasatzen diren politikari ohiak. Ate errotak, praktikan, politikari askorentzako aterabide bihurtu dira.
Politikariek zer aukera dituzte kargu publikoa uztean?
Ate errotek, hemen, politikaria ez dute eramaten, soilik, jardun publikoan aritu den esparru bereko enpresetara. Bere curriculumarekin zerikusirik ez duten sozietate pribatuetara ere jo dute batzuek. Beste batzuek, kargu publikoak utzi eta gero ere, sozietate publikoetan jarraitu dute. Gehienak, nolanahi ere, politikan hasi aurreko ogibidera edo antzekoetara itzultzen dira. Eta gutxi batzuei alderdiak aurkitzen die aterabidea, inguruko fundazio eta abarretan. Behin-behinean langabezian daudenak han-hemen ere egokitzen dituzte alderdiek, adibidez instituzioen azpiko enpresa mistoetan.
Politikariak prestatuak daude?
Enpresa handietan ari diren gehienek Zuzenbidea, Ekonomia edo Enpresen Kudeaketa eta antzekoak ikasiak dituzte. Badira ikasketa maila apalagoak dituztenak ere, ordea. Batzuek ikasitako horretan dihardute, eta beste batzuek, ez.
Administrazio publikoko eremu batzuetan ardurak izateak abantailak ditu?
Agerikoa da Industria eta Ekonomia, edo Ogasuna eta Finantzak, edo Garraio eta Herri Lan sailetako buruek errazago aurkitzen dutela lekua korporazio handietako administrazio kontseiluetan. Kontrara, Kultura sailetako buru gutxi daude halakoetan.
Zerrenda hau da guztia?
Badira politikari gehiago enpresetan? Ez da zerrenda osoa. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako datuak biltzea nekeza da, eta zerrenda honetan ageri direnetatik aparte egon litezke korporazio handietan aritutako politikari ohi gehiago. Bestalde, diputazioetako eta udaletako kargudun publikoek ere badituzte beren eragin eremuak. Normalean, zenbat eta instituzioetan gorago, enpresa handiagoekin harreman estuagoak egiten dira.