A eta B ereduko gela gehiago zabaltzeko beharrik ez dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak onartu du bi eredu horietako eskari kopurua ez dela izan behar adinakoa gela gehiago zabaltzeko. D eredua izan da nagusi aurtengo matrikuletan: lau ikasletik hiruk eskatu dute aukera hori. Bestela esanda, A ereduan ikasiko duten haur bakoitzeko 18 arituko dira D ereduan.
"Ebidentzia zena frogatu ahal izan dugu", esan du Zelaak. Aurten, Hezkuntza Sailak aukera eman die gurasoei ikastetxeak eskaintzen ez duen eredua aukeratzeko; hartara, Zelaaren sailaren asmoa zen zenbatzea zenbat ziren eskolak eskaintzen ez zuen eredua nahi luketenak. 270 gurasok egin dute eskaria. Kopurua ez dela esanguratsua onartu du Hezkuntza Sailak, baina aukera eman izana nabarmendu du: "Familiek bete-betean baliatu ahal izan dute hizkuntza aukeratzeko askatasuna".
2010-11koikasturterako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpekoetan 35.495 ikaslek eman dute izena, eta horietatik 18.240 ikasle berriak izango dira. Hau da, iaz baino 2 urteko 660 haur gehiago eskolatuko dituzte datorren ikasturtean. Dena dela, Hezkuntza Sailak zehaztu du datu horiek behin-behinekoak direla, inauteriak direla-eta ikastetxe batzuetako datuak ezin izan dituelako jaso.
Aurten aldaketa esanguratsuena sarea aukeratzerakoan izan da. Izan ere, azken urteetako joera aldatu egin da, eta gehiago izan dira aurten sare publikoaren alde egin duten gurasoak. Hala, Administrazioarekin hitzarmena duten ikastetxe pribatuetan ariko dira 14.759 ikasle, eta sare publikoan beste 20.735 ikasle. Herrialde guztietan sare publikoa gailendu da: Bizkaian aurrematrikula egin duten ikasleen erdiek baino gehiagok aritu nahi dute ikastetxe publikoetan (18.255 ikasleetatik 10.367); Gipuzkoan ere sare publikoaren alde egin dute 11.399 ikasleetatik 6.694k, eta Araban 5.841 eskaeretatik 3.674k sare publikoan aritzeko eskatu dute.
Sexuaren araberako datuak ere kaleratu ditu Jaurlaritzak: 17.213 neskek eman dute izena, eta mutilak zertxobait gehiago izan dira, 18.282.
Ereduei dagokienez, 2 urteko haur gehienek D ereduan hasiko dute hezkuntzako ibilbidea, zehazki, 13.589 haurrek. Beste modu batera esanda, A ereduan ikasiko duen haur bakoitzeko hemezortzi ariko dira D ereduan. A ereduan, zehazki, bi urteko 732 haur eskolatzeko eskaera izan dira, iaz baino 144 gehiago. B ereduak ere zertxobait egin du gora, iaz baino 170 izen emate gehiago izan baitira, guztira, 4.135.
Herrialde guztietan da nagusi D eredua. Aipagarria da Arabaren kasua, izan ere, D ereduak ikasleak irabazten jarraitzen du, eta B ereduari gailendu zaio aurten ere. Orain dela bi urteko aurrematrikulazioan, B eredua zen jaun eta jabe Araban. Iaz joera hori zertxobait aldatu zen D ereduaren mesedetan, eta aurten D eredua lehen tokian dago: Haur Hezkuntzako ikasleen erdia baino gehiago euskarazko ereduan arituko dira, eta ia beste erdia B ereduan. Erdara hutsezko A eredua oso bazterrekoa da herrialde horretan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala.
Gipuzkoa da oraindik D ereduak indar gehien duen herrialdea. Lehen aldiz matrikulatu diren bi urteko haurren %88,79k euskara hutsezko ereduan hasiko dute hurrengo ikasturtea. Guztira 6.066 ikasle berri egongo dira hurrengo ikasturtean. Hamar ikasletik batek B eredua hautatu du, eta erdarazko A eredua oso gutxik aukeratu dute, 153 ikaslek baino ez.
Bizkaian ere D eredua da nagusi, izan ere, %70ek euskara hutsean ikasteko nahia adierazi dute. B ereduak iazko kopuruei eutsi die, eta A ereduan ikasteko nahia 465 haurrek erakutsi dute, iaz baino 112 gehiagok.
Zelaak onartu du ez dagoela behar adina eskari A eta B ereduetan gela gehiago zabaltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu