ASIER BADIOLA LASARTE
• Saihetsak hautsita. «Hamabost bat poliziak oso bortizki lurrera bota ninduten. Kristoren mina hartu nuen saihetsetan (...). Kolpeak etengabeak izan ziren: eskua zabalik, buruan, belarrietan eta batez ere saihetsetan(...). Saihetsetako kolpearen ondorioz, asko kostatzen zitzaidan arnasa hartzea. Alde hori deformatua eta ikaragarri handitua nuen (...). Auzi medikuak, saihetsen itxura ikusita, ospitalera bidali ninduen birritan (...). Medikazioa ertzainei eman zien 6-8 orduan behin emateko, baina azken egunera arte ez zidaten eman, haiek prestatutakoa deklaratu nuen arte (...). Auzitegi Nazionaleko polizia batek ikusi ninduenean bere kideari esan zion 'Cómo se les ha ido la mano, mira qué deformadas tiene las costillas'. (...) Epailearengana eraman nindutenean, ezin nuen ia oinez ibili. (...) Epailearen aurrean tratu txarrak salatu nituen, eta kamiseta igo eta saihetsak ere erakutsi nizkion».
• Poltsarena. «Autoan, euren zirarekin poltsarekin bezala saman estutu eta itoarazi ninduten. Batek poltsa jartzen zidan bitartean, beste batek saihetsetan kolpetxoak ematen zizkidan. Zorabiatu, eta pixa irten zitzaidan. Zira aurpegian itsasten zitzaidan, arnasa mozteraino».
• Drogatuta. «Arkautin makarroiak jatera eta ura edatera behartu ninduten, indarrez. Gero 'egiaren seruma' eman zidatela esaten hasi ziren. Ahoa oso lehorra sentitzen hasi nintzen. Logura nuen, eta tentsioa jaisten ari zitzaidan. Oso geldo hitz egiten nuen (...). Ziegan etzatean, paretetan marrazki bizidunak ikusten hasi nintzen. Aurpegiak ikusten nituen hormetan: txakurrak, deabruak, pailazoak... Zorura begiratzean, behera jausten ari banintz bezala ikusten nuen. Itolarria sentitzen nuen (...). Berriz galdeketa gelara eraman ninduten».
IGOR MARTIN NIÑO
• Operatutako orkatilan. «Orkatilan sei ebakuntza dauzkat. Horren jakitun ziren, zeren behin eta berriz ostikoak ematen zizkidaten orkatilan, izugarrizko mina eraginez. Aulkia kendu zidaten; lurrera erori, eta buruarekin kolpe handi bat hartu nuen hormaren kontra. Horman zulo bat egin nuen. Zutik egoteko esan zidaten. Bat galderak egiten zegoen bitartean, besteak hormaren kontra bultza egin zidan; beste zulo bat egin nuen buruarekin. Lurrera erori nintzen. Lo bezala geratu nintzen; uste dut konortea galdu nuela».
URTZA ALKORTA
• Emakumea. «Hilerokoarekin nengoen. Azkenean, eskuburdina eta guzti, hiru polizia aurrean pegatuta eta besteak ate parean zeudela, tanpoia atera, konpresa kendu eta aldatu behar izan nuen. Konketa gainean uztera behartu ninduten; ez zidaten utzi zakarrontzira botatzen (...). Kanpoko harresiaren kontra miaketa integrala egingo zidatela esan zidaten. Hiru emakumek latexezko eskularruak jarri zituzten. Ondoan, hogei bat polizia gizon. Besoak ukitzen hasi, hankak zabaltzeko esan, eta nagusia-edo etorri zen».